Itxi

Osasuna

Sindikatuek ohartarazi dute mobilizatzen jarraituko dutela Osasun Sailak egoera aldatu ezean

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk deituta, milaka pertsona atera dira kalera EAEko hiru hiriburuetan antolatu dituzten manifestazioetan, Lehen Arretaren egoera "bereziki prekarioa" salatzeko, besteak beste.

Your browser doesn’t support HTML5 video

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuak manifestazioak egin dituzte larunbat honetan "Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka". Bilboko Jesusen Bihotzetik, Donostiako Bulebarretik eta Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazatik abiatu dira martxak, 12:00etan.

Bizkaiko hiriburuko mobilizazioan, Satseko Amaia Mayorrek ohartarazi du mobilizatzen jarraituko dutela "Eusko Jaurlaritzak ez badu gauzak aldatzeko konpromisorik erakusten". Horren harira, sindikatuek salatu dute Gotzone Sagardui buru duen Osasun Saila eta gaurko manifestazioak deitu dituzten sindikatuak biltzen dituen mahai sektoriala "blokeatuta" dagoela.

"Osakidetzaren arazoei buruz hitz egiteko mahaia blokeatuta dago, eta Osasun Sailak nahi duelako dago horrela", kritikatu du Satsek.

Sindikatuak gogorarazi du osasun zerbitzu publikoaren egoera dela euskal herritarren kezka nagusietako bat, "zerbitzuak okerrera egin duela nabaritzen dutelako".

Era berean, langileen "behin behinekotasun tasa altua" gaitzetsi eta "egonkortzea" eskatu du. Horretarako, martxan dauden prozesuak "arin" egitea "ezinbesteko"tzat jo du.

Bestalde, Esther Saavedra ELAko ordezkariak "egiturazko arazoei" aurre egiteko erabakiak hartu behar direla aldarrikatu du, eta "borondate politikoa" eta inbertsio gehiago behar direla. "Ematen ari diren pausoak kontrako norabidean doaz, Europako eta Estatuko batez bestekotik beherako inbertsioekin, eta aseguru pribatuen kontratazioa etengabe ari da hazten", azaldu du.

Gainera, "mediku gabeziaren" atzean "lan-baldintza eskasak" daudela berretsi du. "Osakidetzako langileek lan-baldintza prekarioak dituzte kategoria guztietan: behin behinekotasun tasa % 50etik gorakoa da, sistematikoki jasaten dute gehiegizko lan karga, bajak, erretiroak eta bestelako hutsuneak ez dira betetzen, eta azken urteotan % 20ko galera izan dute erosteko ahalmenean", gaineratu du.

Osakidetzaren aldeko manifestazioa, Donostian. Argazkia: LAB

Ana Tere Alvarez LABekoak, bere aldetik, "murrizketak amaitzea" eskatu du, baina ez hori bakarrik, zeren sindikatuaren ustez, "Osasun Sailaren kudeaketa txarra da osasun publikoa desegitearen" erruduna. Sindikatu abertzaleak uste du Osasun Sailak "gidatutako" mugimendu bat dela, "gure osasun zerbitzuak ez dezan funtzionatu", eta "gure osasun zerbitzua nahita deuseztatzeko".

Bestalde, Iñigo Garduño CCOOren ordezkariak esan du Osasun Sailaren politikak "hondamendi hutsa" direla eta, Osakidetza "desegitea" ezezik, "langileen tratu txarra" direla.

Azkenik, UGTk txalotu egin du EAEko hiriburuetako kaleetan milaka pertsona elkartu izana, horrek agerian uzten baitu Osakidetzako langileak "gogaituta" daudela. "Gainera, Osakidetzako zuzendaritzaren mespretxua eta tratu txarra jasotzen dugu", salatu du.

Alderdi politikoetako ordezkariak ere izan dira hiru manifestazioetan, tartean EH Bildukoak eta Elkarrekin Podemosekoak. Miren Gorrotxateki Elkarrekin Podemosen legebiltzarkideak "herritarren interesengandik urrun" egotea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari. "Osakidetza da zaintzen gaituena, nondik gatozen eta zenbat diru dugun begiratu gabe", azpimarratu du.

Euskal Herriko Pentsiodunen mugimenduak ere bat egin du protestarekin, eta Eusko Jauraritzari negoziatzeko eskatu dio, Osakidetzak bizi dituen arazo "larriak" konpontzeko.

Bideoak (3)