Eguraldia
-8,1 graduko tenperatura minimoak izan dira Euskadin, Iturretako neurketa estazioan
I.L.K. | EITB Media
Igande honetako lehen orduetan barnealdean eta kostaldetik gertuko zenbait puntutan izandako izotzaren ondoren, lainoa altxatu ostean eguzkitsu geratuko da eguna, eta amaieran hodei batzuk agertuko dira.
Euskadik -8,1 graduko tenperatura minimoa izan du igande honetan Iturrietako neurketa estazioan, Agurainen (Araba). Hala ere, amaitutzat eman dute tenperatura minimoengatik eta izotzagatik ezarritako abisu horia.
Segurtasun Sailak jasotako datuen arabera, igande honetako lehen orduetan tenperatura negatiboak izan dira, Iturrietan ez ezik, Aguraingo estazioan (-7,2 ºC), Pagoetan (-7 ºC), Albainan (-6,7 ºC), Navarreten (-6,6 ºC), Subijanan (-6,5 ºC), Abetxukon (-4,4 ºC), Arrasaten (-2,6 ºC) eta Paganosen (-1,6 ºC).
Igande honetako lehen orduetan barnealdean eta kostaldetik gertuko zenbait puntutan izandako izotzaren ondoren, lainoa altxatu ostean eguzkitsu geratuko da eguna, eta amaieran hodei batzuk agertuko dira.
Haizea aldakorra izango da, hegoaldeko ukitu batekin, eta brisa joko du Kantauri isurialdean eguerditik aurrera. Hala, tenperaturak gora egingo du, 13 eta 15 gradu arteko maximoetara iritsiz.
Eguraldiaren iragarpena. Argazkia: Euskalmet
Euskalmeten iragarpenaren arabera, astelehenean hodei gehiago agertuko dira, eta txokoren batean tantaren bat edo beste botatzea ezin da baztertu, baina oro har ateri egongo da. Erdi eta goi mailako hodeiak agertuko dira, gehienbat. Goizean hegoaldeko haizea ibiliko da, eta arratsaldean iparraldekoa.
Tenperatura maximoetan ez da aldaketa handirik espero, bain arinki igoko dira ipar partean. Minimoek gora egingo dute, eta zailagoa izango da barnealdean izotza egitea, ia eremu garaietara mugatuko delarik.