Bidaiak
Astearte goizaldeak, hegaldi bat erreserbatzeko unerik onena
Agentziak | EITB Media
Azken urtean aztertutako prezioek azaldu dutenez, behe denboraldiko hilabeteetan eta oporren osteko aldietan dira hegaldiak merkeen.
Astearte goizaldeak dira hegaldi hobeak eta merkeagoak aurkitzeko unerik onenak, Jetcost hegaldi eta hotel bilatzailearen arabera. Hegaldietan eskaintzak aurkitzea noiz den errazagoa aztertu du enpresak, hegaldiak lortzeko gaupasa egin behar bada ere. Behe denboraldiko hilabeteetan eta oporren osteko aldietan dira hegaldiak merkeen, erreserba ugari izaten baitira aldi horietan.
Iazko urte osoko prezioak aztertuta ondorioztatu dutenez, asteartea da asteko egunik merkeena hegaldi bat erreserbatzeko, batez beste 63 euroko prezioa baitute.
Oro har, prezioek gora egiteko joera dute asteburua hurbildu ahala, eta eskaintzak desagertzen doaz; beraz, gomendagarriena da hegaldiak astelehenetik asteazkenera bitartean erostea. Aitzitik, badirudi igandea dela hegaldi bat erreserbatzeko egunik txarrena, txartel bakoitzak batez beste 69 euro balio baitu Espainian.
Eskaintzak aurkitzeko orduei dagokienez, goiz ibili behar da. 02:00etan da ordurik merkeena, batez beste 57 euro inguruko hegaldi ekonomikoak aurkitzeko. Ordurik txarrena, berriz, 13:00ak dira, ordu horretan prezioak 69 euroraino igotzen baitira.
Aldez aurretik erreserbatu
Jetcostek aztertutako datuek erakutsi dute, batez beste, hegaldien prezioek gora egiten dutela irten aurreko egunetan. Hala, hegaldiaren astean bertan erreserbatzeak garestitu egiten du txartelaren batez besteko prezioa.
Erreserba gutxienez 15 egun lehenago egiten denean nabaritzen da aurrezpena, eta % 10ekoa ere izan daiteke erreserba bi hilabete lehenago eginez gero.