kartzelak
EAEko espetxeetan izandako bi presoen heriotzei buruzko informazioa eskatu du Arartekoak
Agentziak | EITB Media
Otsailaren 28an, Arabako espetxean, jazo zen lehen heriotza: 22 urteko gizonezko bat topatu zuten hilik. Biharamunean, Gipuzkoako kartzelan 57 urteko beste preso bat zendu zen.
Joan den astean EAEko espetxeetan izandako bi presoen heriotzen harira ofiziozko ekinbidea abiatu du Arartekoak.
Otsailaren 28an, Arabako espetxean, jazo zen lehen heriotza. 22 urteko gizonezko bat topatu zuten hilik bere ziegan. Biharamunean, martxoaren 1ean, Gipuzkoako kartzelan 57 urteko beste preso bat zendu zen. Erizaintza-moduluan zegoen gaitz fisiko bat osatzen, eta bertan aurkitu zuten zerraldo.
2021eko urritik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kudeaketaren eskumena du Eusko Jaurlaritzak, eta hala, bi heriotza horien inguruko ikerketa abiatuta du, eta suizidioei aurre egiteko protokoloa berrikusten ari da.
Manu Lezertuak zuzentzen duen bulegoaren arabera, espetxe administrazioak, erakunde publiko den aldetik, bizitzeko eskubidea bermatu behar du, beste ezeren gainetik.