Trafikoa
Hiru pertsona hil dira, tartean bi legazpiar, Lleidan gertatutako istripu batean
EITB Media
Ezbeharra goizaldean gertatu da La Fuliola herrian, orotariko ibilgailu batek eta kamioi batek talka eginda. Istripua bidegurutze "gatazkatsu" batean gertatu da, ez da bertan istripu larria gertatzen den lehenengo aldia.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hiru pertsona hil dira La Fuliolako (Lleida) C-53 errepidean gertatutako trafiko istripu batean, orotariko ibilgailu batek eta kamioi batek talka eginda. Esquadra Mossoek eta Jaume Ferrer herriko alkateak baieztatu dutenez, hildakoen artean euskal jatorrizko 42 eta 45 urteko bi gizonezko daude, eta EITBk jakin ahal izan du legazpiarrak direla biak.
Esquadra Mossoek goizaldean jaso dute istripuaren berri, "stop" seinale bati jaramonik ez egiteagatik lur orotako ibilgailu batek eta kamioi batek talka egin dutenean.
Ezbeharrean 28 urteko emakume bat eta 42 eta 45 urteko bi gizon euskal herritar zendu dira. Dirudienez, bi euskaldunek asteburua eman behar zuten hildako emakumearen senarra bisitatzen, istripu hilgarria izan dutenean.
Marcel Pujol Castellserako (Lleida) alkateak azaldu du ezbeharra gertatu den bidegurutzea "gatazkatsua" dela, eta ez dela bertan istripu larria gertatzen den lehenengo aldia. Hain zuzen ere, aurreko astean Kataluniako Gobernuko Mugikortasun diazkariarekin bildu omen zen bertan biribilgune bat eraikitzearen inguruan hitz egiteko.
Esquadra Mossoek baieztatuta, kamioiaren gidariak negatibo eman du alkohol kontrolean.