Zibererasoak
Zibersegurtasun erasoak %90 jaitsi dira 2022an .eus domeinuetan
EITB Media
Guztira, 29 eraso antzeman ditu iazko txostenean Puntueus Fundazioak, aurreko urteko 359 kasuen parean.
Puntueus Fundazioak urtero egiten duen zibersegurtasun txostenak % 90 zibereraso kasu gutxiago antzeman ditu 2022 urtean aurrekoarekin alderatuz, hots, guztira 29 kasu izan ziren iaz, eta 359 aurreko urtean.
Erabiltzaileen segurtasun digitala bermatzea du fundazioak helburu eta, horretarako, .eus webguneak etengabe gainbegiratzen ditu. Zaintza aktibo horri esker, webguneetan erabilera desegokiak, arriskuak eta mehatxuak aurreikusten ditu, eta 2022an, erregistratuta zeuden domeinuen % 0,2an detektatu zituzten horrelako egoerak.
Domeinuen segurtasunaren monitorizazioan edo etengabeko azterketa horretan bi motako arriskuak antzeman daitezke: domeinu "gaiztoak" eta konprometitutako domeinuak. Azken horiek hirugarren batek bidali edo sortuak dira, eta kasu horietan, domeinua identifikatu eta domeinuaren jabea antzemandako erasoaz informatzen da.
Ondoren, arazoa bideratzeko laguntza eskaini eta ematen zaio, gehienetan webgunearen arduradunak ez baitira erasoaz jabetzen. 2022an konprometitutako domeinuak 19 izan dira, aztertutakoen % 65, alegia.
Halaber, domeinu "gaiztoak" asmo txarrarekin sortutako webguneak izan ohi dira, hau da, praktika txarren susmagarri diren domeinuak. Aztertutako eta argitaratutako azken zibersegurtasun txostenak 2022an lau domeinu gaizto antzeman dituztela dio.
Hilabete honetatik aurrera edonork kontsultatu dezake zenbat arrisku kasu jasotzen ari diren .eus domeinuak, denbora errealean.