‘Batasunaren bidean’
Giza kate batek Errenteria eta Donostia lotuko ditu martxoaren 24an euskara batuari gorazarre egiteko
EITB Media
Ekitaldia Orereta ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten 'Ikastolak Herriari' egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.
Datorren ostiralean, martxoak 24, Errenteria eta Donostia lotuko dituzte 8.000 lagunek osatutako giza kate erraldoi batean, euskara batuak "herriaren garapenean izan duen balioa" azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko.
Ekitaldia Orereta ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten 'Ikastolak Herriari' egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.
Euskaltzaindiak eta Ikastolen Elkarteak ohar baten bidez azaldu dutenez, giza katea Errenteriako Gamon Zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren oroimenezko eskulturaren paretik abiatu, eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaituko da. Bidean, 8.226 metro eta Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatuko ditu giza kateak.
Katea Euskal Herri osoko ikastoletako hainbat gaztek eta gaztetxok osatuko dute, parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera. Antolatzaileen hitzetan, ez dago parte har dezaketen herritar kopuruarentzako mugarik, eta euskaltzale guztiei bertaratzeko deia egin diete.
11:00etan emango zaio hasiera giza kateari, eta 11:30era arte iraungo du. Bidean, bost gune egokituko dituzte antolatzaileek, horietako bakoitzean euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egiteko.
Euskara batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako 15 pertsona oroituko ditu ekimenak: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean- Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.
Baina, sustatzaileek azpimarratu duten moduan, "euskara batua gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker izan da, horietako asko anonimoak direnak. Beraz, esan dezakegu euskara batua herriak nahi izan duela, herriak sortu duela, eta herriak egin duela bere, erabileraren bidez".
Gainera, ez dago euskara batuaren sorrera adierazten duen historiako une bakar bat. Aitzitik, une asko izan dira, zein baino zein beharrezkoagoak, eta horiek guztiek osatzen duten continuuma da giza kate honek irudikatu nahi duena, erantsi dutenez.
Aldi berean, euskara batuak herriari eman dion guztia da ekitaldiak nabarmendu nahi duena: "Euskarazko hezkuntza, komunikazioa, gizarte kohesioa edo euskal erakundeak, esaterako, ez lirateke gaur direnak izango euskara baturik ez bagenu. Euskara batuari esker gara, eta garelako dugu euskara batua".
Egitaraua
-10:45ean, giza kateari hasiera emateko ekitaldia Agirre lehendakaria plazan, Errenterian
-11:00-11:30, giza katea osatuko dugu
-11:30-12:00, 5 bilguneetarantz mugituko dira parte-hartzaileak
-12:00-12:30, ekimenari amaiera emateko, giza kateko bidearen 5 guneetan ekitalditxoak egingo dira Errenterian, Pasaian eta Donostiako Herrera auzoan, Zurriola ikastolan eta Plaza Berrian
-15:00etan, Euskaltzaindiko kideek Orereta ikastola bisitatuko dute
-17:30ean, ekitaldi instituzionala Errenteriako Udal Areto Nagusian