Jaiegun feminista
Emakumeek M8a eta A25a jaiegun izendatzea alboratu dute, eta azaroaren 5aren alde egin dute
M. D. | EITB Media
Emakundek eta emakumeen elkarteek jaiegun izan litezkeen daten zerrenda osatu dute. 1933eko azaroaren 5ean lehenengo aldiz bozkatu zuten emakumeek Euskadin.
Emakundek eta emakumeen elkarteak M8a eta A25a jaiegun gisa izendatzea alboratu dute, eta efemeride feministen zerrenda jasotzen duen lanerako dokumentua aurkeztu dute. Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari egindako eskaerari erantzunda osatu dute zerrenda.
Legebiltzarraren errekerimendu horrek eskatu zuen gizarte eragileekin batera hausnarketa prozesu bati heltzeko, 2024ko lan egutegian efemeride feministak izendatzeko. Orain, emakumeen elkarteek martxoaren 31ra arteko epea dute, Emakunderen Aholku Batzordearen osoko bilkuran, 2024ko jaieguna aukeratzeko proposamenak aurkezteko.
Emakundek jakinarazi duenez, eztabaidaren hasieratik baztertu egin dituzte martxoaren 8a (Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna) eta azaroaren 25a (Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna), bi egun horien izaera aldarrikatzailea zaintzeko eta babesteko, "arriskutsutzat" jo baitute lan egutegian jai gisa izendatzea. Esan dutenez, horrek egun horietako helburu feministak geldiaraz ditzake, bultzatu baino gehiago.
Aurkeztutako daten artean, azaroaren 5ak lortu du adostasun handiena emakumeen elkarteen aldetik. 1933an, emakumeek lehen aldiz bozkatu zuten Euskadin, Espainiako emakumeek baino bi aste lehenago. Izan ere, Gernikako Autonomia Estatutuarena bozketan parte hartu zuten, garaiko dokumentuen arabera. Data horren lekuko da Indalecio Ojangurenen argazki ezaguna; bertan, Eibarko emakumeak agertzen dira botoa ematen.
Txostenean erabaki denez, ekitaldien edo lorpenen inguruko datak proposatu dituzte, eta ez historian garrantzitsuak izan diren emakumeen izenak, izen propio batek eta bere historia bereziak ekar lezakeen izaera murriztailea eragozteko eta data zabalak eta inklusiboak bultzatzeko.
Azaroaren 5az gain, beste 13 eztabaidatu dira, hala nola, otsailaren 18a (2005ean otsailaren 18an Berdintasunerako Legea onartu zen) eta irailaren 4a (1995ean Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzia egin zen Pekinen).