Itxi

Last Tour

Pandemian La Polla Recordseko kontzertuei ezarritako 6.000 euroko isuna bertan behera utzi dute

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Last Tour kontzertu sustatzaileak gogora ekarri du auzitegietara jo zuela, orain arrazoia eman diotela, eta Eusko Jaurlaritzak isun hori eta interesak itzuli beharko dizkiola.

La Polla Records taldearen kontzertua 2021eko abenduan, Gasteizen. Artxiboko irudia: EITB

Epaitegi batek baliogabetzat jo du Last Tour kontzertuen sustatzaileari Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako 6.000 euroko isuna, La Polla Records taldeak Gasteizen egindako bi kontzertuetan osasun-araudia urratu zuela iritzita, sarreran covid pasaportea eskatu ez zuelako eta ikusle batzuek maskararik erabili ez zutelako.

Bi kontzertuak 2021eko abenduaren 17an eta 18an izan ziren, Gasteizko Buesa Arena Pabiloian, Arabako punk taldearen agurreko bira barruan, agertokietan 40 urte baino gehiago eman ondoren.

Last Tour kontzertu sustatzaileak auzitegietara jo zuela gogorarazi du gaur, ohar baten bidez. Orain arrazoia eman diote, eta Eusko Jaurlaritzak isuna eta interesak itzuli beharko ditu.

Last Tourrek azaldu duenez, pandemian ezarritako murrizketen ondorioz, 2020an eta 2021ean fakturazioaren % 90 baino gehiago galdu zuen, eta 2022an ere kalte handia egin zion murrizketa guztiak erabat kendu ziren daten ondorioz.

"Ehunka kontzertu atzeratu genituen, beste hainbeste bertan behera utzi genituen, beste batzuk agintariek egoki irizten zioten unean ematen zen arauaren mende jarri genituen, horietako asko edukiera murriztuz eta dirua galduz", dio Last Tourrek.