Itxi

Lanak

Bilboko hegoaldeko saihesbidearen eta AP-68aren arteko lotunea apirilaren 5ean irekiko dute

EITB MEDIA

4,7 kilometroko luzera izango du Bolintxu haranaren gaineko zubibideak, eta 3 minutu eta erdian zeharkatuko dute autoek.

Imanol Pradales eta Pedro Rivas, obretara egindako bisitetako batean. Argazkia: Bizkaiko Aldundia

Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen ("Supersur") eta AP-68 autobidearen arteko lotune berria apirilaren 5etik aurrera egongo da zabalik, Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek obra horietara gaur egindako bisitan iragarri duenez.

4,7 kilometroko luzera izango du Bolintxu haranaren gaineko zubibideak, eta 3 minutu eta erdian zeharkatuko dute ibilgailuek. Hartara, lotura "arina, erosoa eta segurua" izango da, Pradalesen arabera.

Peñascal eta Beteluri arteko lanak 2019ko urtarrilean abiatu zituzten, eta 222 milioi euro inbertitu ditu bertan Foru Aldundiak.

Aurreikusi dutenez, egunero 20.000 ibilgailuk zeharkatuko dute lotune berria —horietako 7.000, ibilgailu astunak— Malmasingo lotunetik igaro beharrik gabe.