Elkarrizketa Euskadi Irratian
Ikastolen Elkarteak eta Kristau Eskolak "gardentasuna" eta "elkarlana" eskatu diote Hezkuntza Sailari
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Biek ala biek argi utzi dute bat datozela segregazioari aurre egiteko abiatutako prozesuarekin, baina kritikatu dute Hezkuntza Sailak ez dituela errespetatu hasiera batean ezarritako oinarriak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Hezkuntza Sailak, segregazioari aurre egiteko, matrikulazioan ezarritako irizpide berrien ondorioz, arazoak sortu dira bi urteko ikasgeletan izena emateko orduan. Horretaz hitz egiteko, Ikastolen Elkarteko eta Kristau Eskolako zuzendariak —Jose Luis Sukia eta Maria Eugenia Iparragirre— izan dira Euskadi Irratian, ostegun goiz honetan.
Sukiak esan du hasieratik onartu zutela Hezkuntza Sailaren prozesua, alegia, argi zutela familia batzuk mugiarazi beharko zituztela, eta prest agertu zirela, folosofiarekin bat egiten dutelako. "Horretarako, baina, bi oinarri ezarri zituzten, eta ez dira bete: ikastetxe guztietan arau bera aplikatzea, eta gardentasunez jokatzea, lan pedadogiko baten bidez ikastetxe jakin batetik kanpo geratu diren familiei behar bezalako azalpenak emateko", adierazi du.
Sukia haserre agertu da ez dakitelako nola kalkulatu dituzten indizeak, "ezta banaketa nola egin duten ere". "Matrikulazioan mugak jarri dizkigute, eta beste zentro batzuei ez. Irizpide berriekin matrikulatu ezinda geratu diren umeak beste zentroetara bidaltzeari uko egitea, presioa egiteko modu bat da. Uste dugu badagoela gauzak konpontzeko aukera, baina horretarako hitz egin behar dugu, bestela oso zaila izango da bidea", gaineratu du.
"Oraingoz ez dugu Hezkuntza Sailarekin hitzordurik. Gure jarrera defendatzen jarraituko dugu, guztiontzako aukera berdinak nahi ditugulako, eta hori ematen ez den bitartean gure erabakiari eutsiko diogu", bukatu du.
Bestalde, Iparragirrek argi utzi du gisa horretako egoera baten aurrean kezka gailentzen dela haserrearen aurretik. "Kezka eta arazo honi irtenbidea emateko nahia", zehaztu du.
"Erabat ados gaude segregazioa desagerrarazteko helburuarekin, aukera berdintasuna lortze aldera. Hori garbi gera dadila. Dena den bi alderdi zapuztu dituzte. Alde batetik, matrikula kopurua aldatu dute. Bestetik, ez dituzte zentroen zerrendan familiek ezarritako aukerak errespetatu", salatu du. Horri erantsi dio "formak" ez direla egokiak izan, ez dutelako idatziz "argumentazio sakonik" jaso.
"Badira kristau eskola aukeratu eta publikora bideratu dituzten kasuak, eta bada herriz aldatu behar izan denik ere. Lehendabiziko aldia da, eta hori kontuan izan behar dugu, hots, moldaketak egin beharko dituzte. Denon artean bilatu beharko genuke irtenbidea, kalitatezko hezkuntza bermatzeko", azpimarratu du.
Hezkuntza Sailaren aldetik, Iparragirrek espero du adierazpen bat egitea, "afera hau denon artean bidera dezagun".