Aste Santua
Normaltasuna izan da nagusi euskal errepideetan Aste Santuko itzulera operazioan
EITB MEDIA
A-8 autobidean Kantabrian, Bilborako noranzkoan, eta A-15 errepidean Berastegin sortu dira arratsaldean arazoak. Tamalez, bi pertsona hil dira gaur Euskal Herriko errepideetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Herriko eta inguruko errepideetan normaltasuna izan da nagusi gaurkoan. Ia ez da arazorik egon itzulera operazioan, pare bat puntutan izan ezik. Batetik, A-15ean, Berastegin (Gipuzkoa), 2,5 kilometroko auto-ilarak sortu dira arratsaldean, Iruñerako noranzkoan, Aste Santuko itzulera-operazioaren ondorioz. Ingurua obretan dago, eta, hori dela eta, noranzko bakoitzeko errei bat itxita dago. Bestetik, Kantabrian A-8an, Bilbora bideko erreietan, ilarak sortu dira tarteka.
Hainbat ezbehar egunean zehar
Zoritxarrez, bi lagun hil dira euskal errepideetan Pazko astelehen honetan.
Goizaldean, gizonezko bat hil da Bilbon, istripu batean. 02:00etan, Cadaguako korridorean, BI-636 errepidean, auto batek kontrola galdu du, bidetik irten eta irauli egin da. Gidaria bertan hil da, eta kopilotua, emakumezkoa, erietxera eraman dute zaurituta.
Arratsaldean, berriz, Frantziako motozale bat hil da Luzaiden (Nafarroa), NA-135 errepidetik atera eta, ondoren, zirkulazio seinale baten aurka talka eginda, errepide horretako 49,5 kilometroan.
Eguneko beste istripuetako bat Ermuan izan da, arratsaldean. Ibilgailu bat irauli egin da N-634 errepidean, Bilborako noranzkoan. Ondorioz, errepideak ordu erdi baino gehiago eman du itxita, ibilgailua erretiratu arte. Suhiltzaileek atera behar izan dute gidaria, harrapatuta gelditu delako, eta ospitalera eraman dute ondoren.
Gainera, Altubeko ordainlekua itxi behar izan dute kamioi artikulatu batek su hartu duelako. 16:30ean gertatu da, Altubeko ordainlekuan, Zuia udalerrian (Araba). Kamioi artikulatu batek su hartu du eta garrek ordainketa-kabina bat kiskali dute. Hori dela eta, bidea itxi eta Subillako irteeraraino desbideratu behar izan dute zirkulazioa. Azkenik, 18:30 aldera, berriro ireki dute ordainlekua, Gasteizko noranzkoan.