Araba
Gasteizko tranbiaren Salburuko tartea, martxan
Agentziak | EITB Media
Bost geraleku berri izango ditu aurrerantzean Arabako hiriburuko tranbia sareak: Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Union eta Salburua. Geltoki horiek auzo gazte bati emango diote zerbitzua, gaur egun 20.000 laguneko populazioa duena eta hazten ari dena. Egun osoan zehar doakoa izango da zerbitzua.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gasteizko tranbiak 06:15ean ekin dio Salburura lehen bidaiak egiteari. Adar berria zabaltzeko lehen egunean, erabiltzaileek gustura hartu dute, eta astearte honetan doakoa izango dela aprobetxatu dute.
Salbururako adarra irekitzeak bost geraleku berri emango dizkio Arabako hiriburuko tranbia sareari: Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Union eta Salburua. Geltoki horiek auzo gazte bati emango diote zerbitzua, gaur egun 20.000 laguneko populazioa duena eta hazten ari dena.
2,5 kilometroko luzapenari esker, Salburua, Judimendi eta Santa Luzia hiriburuaren erdialdearekin eta iparraldearekin hobeto lotuko dira, eta autobus geltoki berrirako eta unibertsitate gunerako sarbidea ere erraztuko da. Salbururako adarrari esker, 3.700 egoiliarrek tranbia geltokia izango dute etxetik bost minutu baino gutxiagora, eta 18.300 bizilagunek hamar minutu baino gutxiagora.
Era berean, Salbururako zerbitzua martxan jartzerakoan, buruak eta helmugak berrantolatu dituzte; horrela, tranbiak Abetxukutik unibertsitateraino doaz, eta Ibaiondotik Salbururaino, 15 minutuko maiztasunarekin.
Erakundeen balorazioa
"Tranbia Salbururaino eraman izana oso albiste ona da Gasteizentzat eta, bereziki, auzoko biztanleentzat. Sistema horri esker, gure joan-etorriak eta, horrenbestez, gure bizimodua erraztuko dira, edukiera eta kalitate handikoa, modernoa, irisgarria eta garbia den garraiobide publiko horren bidez", esan du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.
Bestalde, Martin Barbarias Euskotreneko Operazioen eta Proiektuen eta Obren Koordinazioaren arduradunak nabarmendu du lehen egun honetan "normaltasuna" dela nagusi, eta jendea "pozik" eta "zerbitzua probatzen" ari dela, doakoa dela baliatuta. Doakotasuna, Barbariasen esanetan, "Salburua auzoari eskerrak emateko modu bat ere bada, bi urte eta erdiko lanen ondoren, garraiobidea froga dezaten".
Euskotrenek egindako azterlanen arabera, adar berriari esker, urteko erabiltzaile kopurua milioi bat eta erdira iritsiko da.
Tranbia auzo horretara iristeko, 25 milioi euroko inbertsioa egin behar izan da. Eusko Jaurlaritzak horren % 65 finantzatu du, eta Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak jarri dute gainerakoa, erdibana.
ETSko langileen elkarretaratzea
Tranbiaren zati berriaren inaugurazioa baliatuta, Euskal Trenbide Sareko (ETS) langileek elkarretaratzea egin dute goizean Salburuko geltokian, enpresa batzordeak deituta. 15 bat pertsona bildu dira "Hitzarmena orain" leloa zeukan pankarta baten atzean.
Negoziatzen urtebete baino gehiago eman ondoren, eta "zuzendaritzaren aldetik etengabeko blokeoak pairatu ostean", ELAk eta LABek osatzen duten gehiengo sindikalak protestak eta mobilizazioak abiatu dituzte lan hitzarmena negoziatzea eskatzeko.
Bi sindikatuek gogorarazi dutenez, honakoak dira aldarrikapen nagusiak: erosahalmena berreskuratzea, sail ezberdinak ondo funtzionatzeko lanpostu nahikoa sortzea, hitzarmeneko postuen barne sustapenean aukera berdintasuna bermatzea, kontratazio publiko eta inklusiboa bermatzeko kanpoko lan poltsak une oro edukitzea, kontratu prekarioak debekatzea eta telelana.