Itxi

HEZKUNTZA

Hezkuntza legearen proiektua: ardatzak eta jomugak

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sare publikoa zein pribatua biltzen dituen sistema, euskara ardatz eta segregazioari aurre egitea helburu duena. Doakoa eta sexuen arteko bereizketarik onartuko ez duena. Inor atzean utzi gabe eraldatuko duena. Ezaugarri horiek dituen hezkuntza eredua marraztu eta ezarri nahi du Eusko Jaurlaritzak.

EITB Media

Euskal Autonomia Erkideko Hezkuntza lege proiektua goiburupean, zazpi ataletan banatutako 101 artikulutan (orotara, 77 orrialde) dago xehetuta hezkuntza sistema eraldatzera datorren araua. Bertan jasota dauden neurri asko dagoeneko indarrean daude, aurrez onartutako dekretuen bidez. "Izan, jakin eta elkarrekin bizi", hiru ardatzotan laburbiltzen ditu legeak bere helburu nagusiak. Ondorengoak dira ardatzak eta jomugak.

Bi sare, sistema bakarra

Sare publikoa eta itunpekoa sistema bakarrean biltzen ditu Hezkuntza Lege berriak. "Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren prestazioa ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen bidez gauzatuko da", testuaren arabera. Legean jasotako printzipioak bete beharko dituzte guztiek.

Hezkuntzaren Sailak plan estrategiko bat egingo du lau urtean behin: programa-kontratua. Hor plan espezifiko bat zehaztuko da euskal eskola publikoaren beharrei eta erronkei erantzuteko; misioa, ikuspegia, balioak eta jarduera-ildo nagusiak jasoko ditu.

Itunpekoen kasuan, ikastetxe guztien berdintasuna bermatuko da, eta, hala badagokio, kontratua izenpetu aurretik, deialdi publiko bat egingo da. Deialdi horretan, onuradun izango diren eta programa-kontratua sinatuko duten ikastetxeek bete beharko dituzten baldintzak, indarraldia eta kontuak emateko araubidea jasoko dira.

EITB Media

Euskara, ardatz

Euskara ardatz izango duen sistema eleanitza izango da, bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bitartez bideratuz. Ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektu propioa egin beharko du, hizkuntzen tratamendu integratua egiteko. Ikasgeletan zein kanpoan euskararen erabilera sustatuko da.

Lehen Hezkuntza bukatzerako, ikasleek bi hizkuntza ofizialetan B1 maila izatea da helburua. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan, berriz, bi hizkuntza ofizialetan B2 maila, eta atzerriko hizkuntzan, B1 maila. Irakasleen kasuan, trebakuntza planak bultzatuko dituzte euskarazko C1 maila edo gehiago lortzeko, baita ingelesezko C1 maila ere.


Doakotasuna

EAEko hezkuntza sistema osoa doakoa izango da, itunpeko zentroak ere bai. Horrenbestez, ikastetxe horiek ezingo dute kuotarik kobratu derrigorrezko hezkuntza eskaintzeagatik. Berariazko administrazio unitate bat eratuko da, doakotasuna bermatzeko. Ikastetxeek euren kontuak gardentasunez argitaratu beharko dituzte, eta auditoretzak egingo zaizkie.

Segregazioa

Ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik bereiztea saihesteko neurriak hartuko dira. Eskola-segregazioaren aurkako ituna sortuko da, eta Hezkuntza Sailak elkarrizketa aktiboko prozesu bat abiatuko du hezkuntza komunitatearekin, itun hori lortzeko.

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikastetxeetan ez da sexu-bereizketarik onartuko, eta ikastetxeek sexu- eta genero-askatasuna bermatuko dute, aplikagarria zaien araudian ezarritako baldintzetan.

Ikastetxeen hautaketa

Herritarrek eskubidea izango dute nahi duten ikastetxea hautatzeko, eta ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozedura bakarra ezartzen du araudi berriak.

Horren ildotik, Udal Hezkuntza Kontseiluak sortuko dituzte. Besteak beste, herrietako beharrak identifikatzea eta eskaintza antolatzea eta banatzea izango dute helburu. Horrenbestez, gurasoek erakunde horietan bertan jaso ahalko dute informazioa, ikastetxeetara banan-banan joan beharrean.

Laikotasuna

Irakaskuntza laikotasunera bideratuko dute ikastetxeek, erlijioak errespetatuz, eta sinesmen aniztasunaren gaineko funtsezko ezagutza bultzatuz.


Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua

Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua sortu da, partaidetza organo gisa. Gomendioak, laguntza teknikoa zein akademikoa, aholkularitza… ematea izango du helburu. Erregelamendu bidez arautuko da.

Lan-baldintzei buruzko Aholku Batzordea

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak, itunpeko patronal nagusiek eta sare publikoan gehiengoa duten sindikatuek batzorde bat eratuko dute, lan-baldintzei buruz hitz egiteko.