CAF-Elhuyar sariak 2023
Judith Zubia, Mattin Urbieta, Iñaki Sanz eta Aitor Garmendia CAF-Elhuyar sarien aurtengo irabazleak
eitb media
2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dituzte.
Elhuyar fundazioak CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin antolatzen duen CAF-Elhuyar sariketa irabazi dute Judith Zubia, Mattin Urbieta, Iñaki Sanz eta Aitor Garmendia sortzaileek.
Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea bilatzen duten sarien banaketa Usurbilgo Sutegi aretoan izan da gaur, asteazkena, "Begiratu urrunera" lelopean.
Irabazleek 2.000 euroko ordainsaria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dituzte.
Jacinto Iturbe Barrenetxeak, berriz, CAF-Elhuyar merezimendu-saria jaso du, euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik.
Lan sarituak, kategoriaka
Edizio honetan jaso diren 41 lanetatik, epaimahaiak honako lau hauek saritzea erabaki du:
Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Judith Zubia Aranburu arrasatearrari eman diote, datuen biltegiratze digitalaren inguruko "Garena egiten gaituena, egiten duguna idazteko" artikuluagatik.
Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren kategorian, berriz, Mattin Urbieta Galarraga debarrak eskuratu du saria, "Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko" lanari esker.
Zientzia-kazetaritza kategorian Iñaki Sanz Azkue hernaniarrak klima-aldaketaren inguruko "Dragoi txiki bat egongelako horman" artikuluarekin irabazi du saria.
Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du NEIKER sariak, Aitor Garmendia Etxeberria itsasondoarraren "Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean" lana saritu du.
Sari horiez gain, 5.000 euroko dirulaguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Sorkuntza-beka hauek Jon Sánchez Carrasco donostiarraren "Semiosi-genesi" proiektuak eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren "Ia dena" lanak irabazi dute.