Gipuzkoa
Zubietako erraustegiaren aurkako martxa egin dute Lasarte-Oriatik abiatuta
eitb media
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Donostia Bizirikek, Eguzkik eta Ekologistak Martxanek babestuta, "Erraustegia airea, ura eta lurra kutsatzen" lelopean atera dira kalera.
Zubietako erraustegira martxa egin du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak gaur goizean, 11:00etan Lasarte-Oriatik abiatuta. Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek babestuta, hirugarren urtez antolatu dute protesta.
"Erraustegia, airea, ura eta lurra kutsatzen" lelopean, erraustegia geldi dezatela eskatu dute, euren hitzetan, oso modu nabarmenean kutsatzen ari delako.
Erraustegiak Arkaitz Erreka kutsatu duela salatu dute; froga gisa Herbehereetako ToxicoWatch fundazioak egindako azterketa ekarriko dute gogora, txosten horren arabera erraustegiak aire, lurzoru, ur eta landareak dioxinaz eta bestelako gai toxikoz kutsatzen dituelako.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, berriz, errealitate hau ezkutatzen aritzea leporatzen diote, gezurtatu egiten baitu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak salatutakoak.
Matxurak
GuraSOS elkarteak, bere aldetik, salatu du 10 egun daramatzala erraustegiak geldirik, hondakinak erre gabe. Etengabe matxurak dituela eta planta moderno gisa saldu zena beste zerbait erakusten ari dela esan du elkarteko ordezkari den Joseba Belaustegik: "Azken belaunaldiko instalazio modernoa, Ferrari bat, dela saldu dute. Baina matxuratutako auto bat da. Haien gabezia ezkutatu nahi dute, iruzurra".
Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak onartu du Zubietako Erraustegiak matxura izan duela, baina esan du ez duela eragin kaltegarririk izan, ez transformadorean eta ezta ingurumenean ere.