alerta meteorologikoak
'El Niño' fenomeno meteorologikoa espero da udarako
eitb media
Fenomeno horrek tenperaturen hazkundea, lehorteak eta prezipitazioak dakartza mundu mailan. Oraingoz, ezin da jakin nolako intentsitatea eta iraupena izango duen.
Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) ohartarazi du El Niño fenomeno meteorologikoa maiatza eta uztaila bitartean hasteko probabilitatea % 60koa dela, ekaina eta abuztua bitartean hastekoa % 70koa, eta uztaila eta iraila bitartean hastekoa % 80koa. Horrek tenperaturetan hazkunde nabarmena eragingo luke mundu mailan, baita lehorteak eta prezipitazioak ere.
El Niñok Afrikako Adarreko lehorteari eta La Niña fenomenoak eragindako inpaktuari arnasa eman diezaiokeela esan du MMEko idazkari nagusiak. Aitzitik, muturreko fenomeno meteorologikoak eta klimatikoak ere ekar ditzake. Ondorioz, litekeena da El Niñoren agerraldiak berotze globala areagotzea eta tenperaturetan errekor berriak eragitea.
"Erregistroak daudenetik izandako zortzi urterik beroenak izan berri ditugu, nahiz eta azken hiru urteetan La Niña fenomenoak tenperaturen hazkunde globala oztopatu duen", adierazi du MMEko idazkari nagusiak.
El Niño eta La Niña fenomenoak eta egoera neutroa txandakatzen joaten dira El Niñoren Oszilazio Meridionala deritzon ziklo irregular batean. Ziklo horrek Lurreko klima-sistemaren aldaketa nagusia osatzen du, urtaroka edo urteka aldatzen doana eta planetaren eguraldian eta kliman eragina duena.
Zer da El Niño?
Ozeano Pazifiko tropikal zentraleko eta ekialdeko gainazalaren tenperatura berotzearekin lotutako fenomeno klimatiko naturala da. Batez beste, bi eta zazpi urtean behin gertatzen da, eta eraginek bederatzi eta hamabi hilabete bitartean irauten dute.
El Niñoren eraginak ondorengoak izan ohi dira: prezipitazioak areagotzea Hego Amerika hegoaldeko, AEBko hegoaldeko, Afrikako Adarreko eta Asia erdialdeko zenbait gunetan; lehorte larriak Australia, Indonesia eta Asia hegoaldean, eta urakanak Ozeano Barearen erdialdean eta ekialdean.