Itxi

ABORTUA

Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak datorren astean emango dio behin betiko bermea abortuaren legeari

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Gehiengo progresista baliatuta, Auzitegi Konstituzionalak atzera botako du PPk Zapateroren Gobernuaren abortuaren legearen kontra 2010ean aurkeztutako helegitea.

Espainiako Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE

Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak datorren astean emango dio behin betiko bermea Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak 2010ean onartutako abortuaren legeari.

Maiatzaren 9ko osoko bilkurako gai zerrendaren arabera, PPk 2010ean abortuaren legearen aurka jarritako helegitea aztertuko dute. 2010eko Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoaren arabera, abortua librea da haurdunaldiaren 14. astera arte, eta 14. astetik 22. astera, amaren bizia edo osasuna arriskuan badaude edo fetuak anomaliaren bat badu.

Inmaculada Montalban magistratu aurrerakoiak aurkeztutako ponentzia izango dute mahai gainean. Iturri juridikoen arabera, PPren helegitea atzera botatzea proposatuko du, emakumearen ongizatean oinarritutako epai bat eta emakumeek amatasunari buruz erabakitzeko duten eskubidea oinarri hartuta.

Ponentzia horrek ez du, ordea, abortuaren lege erreformaren eragina aztertuko. Auzitegi Konstituzionalak egoera konplexu bati egin beharko dio aurre; izan ere, dagoeneko aldatu duten lege bati buruzko iritzia eman beharko du.

Otsailaren 9an egindako bileran, Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak atzera bota zuen PPk aurkeztutako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa, eta 2010ean Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernu sozialistak onartu zuen abortuaren legea baliozkotu zuen. Enrique Arnaldo magistratuak uko egin zion gehiengoaren iritzia jasoko zuen txosten berri bat idazteari. Hori dela eta, Candido Conde-Pumpido Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak Inmaculada Montalban magistratuari agindu zion behin betiko epaia idaztea.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Abortuaren legearen gakoak

Albisteak (3)