Hezkuntza
EAEko Lanbide Heziketak 3.920 leku gehiago eskainiko ditu datorren ikasturtean
Agentziak | EITB Media
2023-2024 ikasturterako aurretiko matrikula egiteko epea ireki dute astelehen honetan, maiatzaren 26ra arte. Orotara, 58.910 leku eskainiko ditu Lanbide Heziketak aurten.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Lanbide Heziketak 2023-2024ko ikasturterako aurretiko matrikula egiteko epea ireki du astelehen honetatik maiatzaren 26ra bitarte (biak barne). Orotara 58.910 leku eskainiko ditu, ikasturte honetan baino 3.920 gehiago; eskaintzak, beraz, % 11,47 egin du gora.
Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Nicolas Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako Plangintza eta Antolaketako zuzendariak datorren ikasturterako EAEko Lanbide Heziketaren matrikulazio kanpainaren xehetasunak eman dituzte astelehen honetan prentsaurrekoan, Donostian.
Hezkuntza Saileko arduradunek azpimarratu dute "gainditu beharrekoa" dela Lanbide Heziketaren edo unibertsitatearen artean aukeratu beharreko "dikotomia klasikoa", garai berriek eta produkzio sarearen premiek "behar-beharrezko" egiten baitute ikuspegi hori aldatzea eta bi ikasketak "elkarren osagarri gisa" planteatzea.
Matrikulazioa
Ikasturte honetan, 46.671 ikasle daude EAEn Lanbide Heziketako heziketa zikloren bat egiten, edozein modalitatetan (presentziala, urrunekoa edo eskaintza partziala). Lanbide Heziketan eskolaratu nahi duten ikasle berriek gaurtik egin dezakete eskaera datorren ikasturtean eskolaratzeko. Epea astelehen honetatik maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik, egun hori barne.
Eskaerak aurkezteko bi bide izango dira: sarean edo aurrez aurre. Sareko izapideak Hezkuntza Saileko webgunean egin daitezke, eta aurrez aurrekoak ikastetxeko idazkaritzaren ordutegian egin beharko dira.
Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, uztailaren 7an argitaratuko dira onartutako, onartu gabeko eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrendak, eta uztailaren 13an, berriz, behin betikoak.
Ondoren, matrikula egiteko ohiko aldia irekiko da: lehen fasea uztailaren 14tik 18ra (biak barne), bigarrena uztailaren 20an eta hirugarrena uztailaren 24tik 26ra (biak barne).
Inor lekurik gabe gera ez dadin, Hezkuntza Sailak ikasleei gomendatu die eskaeran gutxienez hamar toki hauta ditzatela, lehentasunen araberako hurrenkeran.