POLIZIA OPERAZIOA
Gutxienez 20 atxilotu, angulen trafikoaren kontra Guardia Zibila eta Jendarmeria egiten ari diren operazioan
EIT B MEDIA
Espainiako eta Frantziako estatuetan ari dira egiten operazioa. Atxiloketa batzuk, antza, Bidaxunen egin dituzte. Oiartzunen eta Getarian enpresa bana miatu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gutxienez 20 pertsona atxilotu dituzte Guardia Zibilak eta Jendarmeriak, angulen trafikoaren kontrako operazio batean. Zenbait atxiloketa, antza, Bidaxunen egin dituzte.
Zabalik jarraitzen du operazioak, eta miaketak egin dituzte, tartean, Oiartzungo eta Getariako enpresa banatan.
Guardia Zibilak jakitera eman duenez, "tamaina handiko operazioa da". Izan ere, hogei enpresatik gora miatu dituzte egunean zehar, guztiak aldi berean. Horietako bat angulen salmentan aritzen den Oiartzungo lantegi bat. Orduak eman dituzte bertan Guardia Zibil, Gendarmeri, Europol eta iruzurrari aurre egiteko OLAF erakunde europarreko agenteek.
Hainbat kilo angula atera dituzte Gipuzkoako foru aldundiko teknikarien laguntzarekin. Bizirik eraman dituzte, horretarako egokituta dauden ibilgailuetan, Nafarroako egoitza batera, epailearen erabakiaren zain.
Getarian, arrainaren salmentan aritzen den beste enpresa bat ere miatu dute eta Lapurdin, Bidaxune etxe bat. Landetan ere izan dira miaketak.
Angulen legez kanpoko salmentaren kontrako operazioa da. Animalia hau babestuta dagoen espeziea da eta debekatuta dago salmenta Europatik kanpo, baita haztegietan izatea ere.