Biolentzia matxista
Sexu-erasoen biktima izan diren emakumeen salaketak % 16 igo dira Euskadin
Agentziak | EITB MEDIA
Guztira 131 emakumek salatu dute aurtengo lehen hiruhilekoan sexu-askatasunaren aurkako delitu baten biktima izan direla.
Guztira 131 emakumek salatu dute aurtengo lehen hiruhilekoan sexu-askatasunaren aurkako delitu baten biktima izan direla Euskadin, hau da, 2022ko aldi berean baino % 16 gehiagok, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bildutako datuen arabera.
Delitu mota horren biktima diren emakumeen kopurua % 36 igo da Gipuzkoan (39 salaketa, 2022an; 53, aurten). Bizkaian % 3,3ko igoera izan da (60 eraso 2022an eta 62 urtebete geroago), eta Araban % 14,3ko hazkundea izan dute (14 kasu iazko urtarrila-martxoa bitartean, 16 lehen hiruhileko honetan).
Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriaren biktima izan diren emakumeen kopuruak ere igoera txiki bat izan du, % 0,3koa. Kopuru hori 899ra iritsi da aurten, hau da, aurreko urtean baino hiru gehiago.
Lurraldez lurralde, hazkunderik handiena Araban izan da (+% 11,3), 138 emakumeri eraso egin baitzaie, aurreko urtean baino 14 gehiago, emandako datuen arabera. Gipuzkoan, 265 emakumek jasan zuten bikotekidea edo bikotekide ohiaren biolentzia (-% 9,5); Bizkaian, berriz, % 3,5 igo zen erasoa jasan zuten emakumeen kopurua (479 emakume 2022an, eta 496 aurten).
Aitzitik, familia barruko indarkeria (biktimaren familia-inguruneak eragindakoa, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa izan ezik) % 6 jaitsi da, urtarriletik martxora 233 emakumeri eraso egin baitzaie (aurreko urteko aldi berean 248ri). Guztira, 1.263 emakumek (192 Araban, 680 Bizkaian eta 391 Gipuzkoan) jasan zuten hiru indarkeria-mota horietako bat, 2022an baino % 0,5 gehiago.