URTEURRENA
Osakidetza, 40 urte herritarrei kalitatezko osasun-zerbitzua bermatzeko konpromisoarekin
EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrak, Beveridge eredua hartu zuen oinarri, herritarrei "osasun-arreta integrala" eskaintzeko asmoz. Osakidetzaren jatorri semantikoa aztertuta, bi ideia elkartzen ditu: osasuna eta elkartasuna.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Osasun Zerbitzua sortu zenetik 40 urte beteko dira ostiral honetan, maiatzak 19. Hain zuzen ere, Carlos Garaikoetxea lehendakari zela eskuratu zuen Eusko Jaurlaritzak osasun zerbitzua abian jartzeko baimena, eta, hiru hamarkada hauetan, herritarren osasun-arreta bermatzeko lan handia egin da, baina bide luzea dago oraindik kalitatezko osasun-sistema publikoa eta unibertsala bermatzeko. Egunerokotasunean, banan-banako arreta eskaintzen saiatzen dira Osakidetzan lan egiten duten osasun arloko profesionalak, unean uneko behar eta erronkei aurre eginez.
Eusko Legebiltzarrak, Beveridge eredua hartu zuen oinarri, herritarrei "osasun-arreta integrala" eskaintzeko asmoz. Hala, maiatzaren 19ko 9/1983 Legearen bitartez, Euskal Osasun Zerbitzua martxan jartzea onartu zuten, "herritar guztiak berdin artatzeko pertsonak bere-berea duen eskubideari erantzunez, Gizarte Segurantzako kotizazioei erreparatu gabe". Urtebete beranduago, Osakidetzara lehendabiziko ospitaleak batu ziren: Santa Marina, Amara, Leza, Santiago Apostolua, Gipuzkoako probintzia-ospitalea eta Gorlizko Ospitalea. Halaber, Osakidetzan bildu ziren hiru foru-aldundietako osasun mentaleko zentroak, baita Zamudio, Bermeo, Zaldibar eta Arabako ospitale psikiatrikoak ere.
Osakidetzaren jatorri semantikoa aztertuta, bi ideia elkartzen ditu: osasuna eta elkartasuna. 1985ean, Espainiako osasungintza publikoko lehendabiziko probeta-haurra jaio zen Euskal Osasun Zerbitzuan, eta 1986an Euskadiko Minbiziaren Erregistroa sortu zen. 1987an, Osakidetzak HIESA "prebenitzeko eta kontrolatzeko programa" jarri zuen martxan, eta urteak igaro ahala, gero eta indar gehiago hartuz joan zen. Testuinguru horretan, aipatzekoa da 1988an mugarri izan zen beste urrats bat, izan ere, INSALUD erakundearen osasun-zentro eta langileen transferentzia eta integrazioa gauzatu zen, hala nola, Gurutzeta, Arantzazu, Txagorritxu, Galdakao, San Eloy eta Zumarragoko ospitaleena, guztira 14.000 profesional baino gehiagorekin.
Horrekin batera, Gripearen aurkako lehendabiziko txertaketa-kanpaina abiatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta norbanakoaren osasun-txartela ezarri zen, ordura arte erabilitako Gizarte Segurantzako kartillaren ordez. 1989an, Lehen Mailako Arretaren Eskualdeen eraketa iritsi zen, eta 1992an transplanteak koordinatzeko taldea sortu zen. Urte horretan, ospitaleratze tradizionalaren ordezko aukeretarako programa abiatu zen, eta, besteak beste, gaixoak etxean bertan artatzeko aukera ekarri zuen horrek. Urtebete geroago, 1993an, Eusko Legebiltzarrak "Osasuna Zainduz" txostena onartu zuen, Osakidetza berritzeko, eta minbiziari buruzko aholku batzordea sortu zen. Osakidetzaren Kontratu Programa 1994an ezarri zen, eta 1995ean bularreko minbiziaren baheketa-programa abiatu zen, 50 eta 60 urteko emakume guztietan.
8/1997 Legearekin, Osakidetza Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa eratu zen. 1998an ezarri zen Osakidetzaren lehen plan estrategikoa, 1998/2002 aldirako. Beste datu gogoangarri bat 2001ean iritsi zen, Donostia Ospitalearen sorrerarekin (Arantzazu, Gipuzkoa eta Amara ospitaleak bat eginda). Digitalizazioak 2002an zipriztindu zuen Osakidetza, e-Osabide asistentziako sistema informatikoa garatuz.
Osakidetzak 2003an eman zion bultzada euskarari, 67/2003 Dekretuarekin, Osakidetzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko. Urtebete geroago onartu zen Osakidetzaren Euskara Plana. 2006an, prozedura kirurgiko programatuetara eta urgenteak ez direnetara iristeko gehieneko epeak ezartzeari buruzko dekretua onartu zen, eta 2007an lehen helikoptero medikalizatua eskuratu zuen Osakidetzak.
2008a urte oparoa izan zen Osakidetzarentzat, izan ere, iktus unitateak garatu ziren Basurtuko, Txagorritxu eta Donostia unibertsitate-ospitaleetan. Horrez gain, kirurgia robotikoa ezarri zen unibertsitate-ospitale horietan, eta Biocruces zein Biodonostia osasun-ikerketako erakundeak sortu ziren. Urte horretan bertan, EHUk eta Osakidetzak hitzarmen bat sinatu zuten, osasun-erakundeak ikerketarako eta unibertsitate-irakaskuntzarako baliatzeko.
Duela 13 urte, Osarean sortu zen, Osakidetzarekin derrigorrez aurrez aurreko arreta ez izateko zerbitzua, eta 2013an errezeta elektronikoa ezarri zen Euskal Osasun Zerbitzuan. Hiru urte geroago, Alfredo Espinosa Ospitalea ireki zuten, Urdulizen (Bizkaia), eta osasun arloko ikerketa eta berrikuntzarako 2020ko Estrategia ezarri zuten.
COVID-19ak eragindako pandemiak, hankaz gora jarri zuen dena, eta osasun-sistemak, euskal erakundeekin eta gizarte zerbitzuekin koordinatuta, koronabirusari aurre egin behar izan zion. Hala, COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpaina abian jarri zen. 2021ean, Osakidetzan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana onartu zen, eta iaz Farmabide abian jarri zen, euskal egoitzetarako prestazio farmazeutikoko zentroa. Osakidetzak, 16 milioi paziente inguru artatzen ditu urtero, eta aurten Avedis Donabedian kalitate-sarietako bi jaso ditu.