Itxi

Abisu horia

Euri-jasa bortitzek uholdeak eragin dituzte Nafarroako iparraldean

EITB Media

Leer en Castellano

Udalerri kaltetuenak Bera, Lesaka eta Arano izan dira, ibaiak gainezka egin ostean, ura sartu delako denda eta etxabeetan. Hainbat errepidek itxita jarraitzen dute. Lesakan, zortzi familia etxetik irtenarazi behar izan dituzte. Dena dela, egoera lasaitzen ari da, orduak aurrera egin ahala.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Larunbat goizalde honetan Nafarroako iparraldean izandako zaparrada handiek uholdeak eragin dituzte hainbat udalerritan, ibaiek gainezka egin ostean. Beran, Lesakan eta Aranon, zenbait etxabe, etxebizitza eta dendetan sartu da ura, eta hainbat errepide itxi behar izan dituzte. Zorionez, ez da kalte pertsonalik izan.

AEMETk alerta gorria ezarri zuen euriteengatik, izan ere, ordu gutxitan 100-150 mm baino gehiago pilatu baitzen.

04:00etatik aurrera, Nafarroako SOS zerbitzua deiak jasotzen hasi da, Bera, Lesaka eta Arano udalerrietatik, batez ere. Larrialdietarako dispositiboa zabaldu da orduan, eta NA-4150 errepidean lur-jauziengatik euren ibilgailuekin aurrera ezinik zebiltzan bi pertsona erreskatatu behar izan dituzte.  

Meteorologia eta trafikoa

AEMETek "muturreko fenomenotzat" jo du azken orduotan Nafarroan botatako prezipitazio bortitza. Izan ere, AEMETek jakitera eman duenez, Nafarroako iparraldean izandako euri-jasek egun batean pilatutako litro-kopuruaren markak hautsi dituzte. Horrela, Beran 116 mm pilatu da, azken 43 urteetako maiatzean egun baterako izandako pilaketarik handiena. Aranon 217 mm pilatu da, erregistroak ditugunetik erabateko errekorra dena.

Erepideei dagokienez, erabat itxita dago GI-3410 errepidea, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan, Goizueta eta Hernani artean. Lur jauzia izan da bertan eta errepidea garbitu artean itxita egongo da.

Gainera, 07:45etatik aurrera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, itxita daude bi noranzkoan A-4016 (2. Kilometrotik) eta NA-4150 (29. kilometroetatik, Gipuzkoako mugatik oso gertu). Ondorioz, Nafarroako Arano herriko herrigunea eta inguruko hainbat baserri inkomunikatuta geratu dira errepidez. Herri Lanak Kontserbatzeko taldeak bertan dira makina astunekin bidea garbitzen, kaltetutako bideetan zirkulazioa berriro irekitzeko, Foru Gobernuak jakinarazi duenez.

Euskalmetek Twitter bidez zabaldu duenez, Ereñozuko estazioa (Urumeako arroan) maila horian dago, goizean maila gorrira iritsi bada ere, uholdeen eraginez. Halaber, maila horian daude Andoaingoa (Oriako arroa) eta Belauntzakoa (Oriako arroan ere). Izan ere, Urumea ibaian alerta gorria ezarri dute, Ereñotzun, 62 litro erori baitira 08:00ak arte. Uholde arriskua dagoenez, jarraipena gertutik egiten ari dira.

Lesaka

Lesakan, mendi-magal batean izandako luizi batek, ur-hoditeria mugitu eta desbideratu du, azpian harrapatu ondoren. Gainera, ura etxebizitza eraikin batean sartu da. Nafarroako suhiltzaileek etxe horren beste aldeko leihoak apurtu behar izan dituzte urari irteten laguntzeko. Guztira, zortzi familia etxetik kanpo daude une honetan.

Ladis Satrustegui Lesakako alkateak Euskadi Irratian azaldu duenez, herritarrak elkarrekin ari dira auzolanean, egoera lehenbailehen berrezarri eta dena kontrolpean izateko asmoz.

Larrialdietarako protokoloak abiatu dituzte

Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak jakitera eman duenez, eurite horiek "bi orduz iraun dute, eta 70 litro ur inguru utzi ditu, Bera gehienbat kaltetuz". Azaldu duenez, larrialdietarako protokolo guztiak abiatu dituzte, eta uholdeak saihesteko tokiko plana Beran, SOS Nafarroarekin elkarlanean.

Bestalde, Berako Udalak informazio gunea jarri du kaltetutako bizilagunei informazioa emateko.  

Dena dela, orduak aurrera egin ahala, egoera lasaitzen ari da.

Bideoak (3)