Abortuaren legea
Lan-baja berriak hileko mingarriengatik, abortuagatik eta haurdunaldiagatik: argibide guztiak
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Gaurtik aurrera, hilekoaren min ezgaitzaileengatik baja eskatu ahalko dute Hego Euskal Herriko emakumeek. Europan aitzindaria da neurria. Halaber, beste bi lan-baja mota berri daude. Nork eska ditzake? Nola eskatu? Nork ordaintzen ditu? Erantzun guztiak, jarraian.
Gaurtik, lan-eskubide gehiago izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako emakumeek; izan ere, gaixo-baimena eskatu ahalko dute hileko mingarri ezgaitzaileak, abortua eta haurdunaldia (39. astetik aurrera) izanez gero.
Hileko ezgaitzaileen kasuan, aitzindaria da Espainiako Estatua, Europar Batasunean eskubide hori aitortzen duen lehena baita. Europatik kanpo ere, oso herrialde gutxitan dago lan-baja hori. Asia da erreferente nagusia, eta Japonian eta Hego Korean jasota dute legedian.
Neurriok martxoan indarrean sartu zen Abortuaren Legearen erreforman jasota daude, eta aurreikusita zegoen hiru hilabete geroago (ekainaren 1ean) martxan jartzea. Hona andrazkoen lan-eskubideak handitzen dituzten lan-baja berrien nondik norakoak:
Zer dira hileko ezgaitzaileak?
Grafikoa: EITB Media
Arauak berak zehazten du zer den hileko ezgaitzailea (dismenorrea), eta horrekin lotutako hainbat gaixotasun aipatzen ditu, endometriosia, miomak eta obario polikistikoak, esaterako. Eritasunek min handia eragin ahal dute, odoljario eta guzti, sexu-harremanak edukitzean edo komunera joatean, beste sintoma batzuekin batera.
Aurrerantzean, bada, andrazko horiek familia-medikuarenera jo ahalko dute gaixo-baimena eskatzera. Orain arte, bazegoen hura galdegiterik, baina 4. egunetik aurrera kobratzen zuten (betiere, lan-hitzarmenaren arabera). Aurrerantzean, baja lehen egunetik jasoko dute emakumeek, eta Gizarte Segurantzak ordainduko du oso-osorik. Gainera, langileei ez zaie aurretiazko kotizaziorik eskatuko —beste baja batzuetan bai eskatu ohi dute—.
Legeak emakumezko horien lan-eskubideak bermatzea du helburu, eta zio horregatik ez diskriminatzea. Hala, bajan daudela beste arrazoirik eman gabe kaleratuko balituzte, kaleratzea baliogabe jotzeko aukera legoke.
EndoEuskadi endometriosia duten gaixoen elkartearen ustez, bajok positiboak dira, baina neurri gehiago eskatu dituzte eritasunaren kontrako borrokan aurrera egiteko:
Beste bi lan-bajak
Abortuaren legearen erreformak beste bi gaixo-baimen aitortu ditu: bata, haurdunaldi-eteteak (borondatezkoa zein gogoz kontrakoa) eragin ditzakeen ondorio fisiko eta psikologikoez sendatzeko baja; bestea, haurdunaldiagatiko baja, 39. astetik aurrera.
Bi kasu horietan, enpresak lehen baja-eguna ordainduko du, eta hortik aurrerakoa, Gizarte Segurantzak. Emakume haurdunari aurretiazko kotizazioa eskatuko zaio; ez, ordea, abortatu duen emakumeari.
Grafikoa: EITB Media