Abortuaren legea
Berdintasun Ministerioak erkidegoei galdegin die abortuaren legearen erreforma gauzatzeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hartara, emakumeek ospitale publikoetan abortatzeko aukera izan behar dute. Halaber, kontzientzia eragozle ez diren medikuak, alegia, abortua praktikatzeko prest daudenak, izan behar dituzte erkidego guztiek.
Berdintasun Ministerioak gutun bat bidali die gaur, asteazkenarekin, autonomia erkidegoei abortuaren legearen erreforman jasotako neurri guztiak "berehala" praktikan jar ditzaten.
Besteak beste, erreformak jasotzen du emakume guztiek ospitale publikoetan abortatzeko aukera izan behar dutela, eta etxetik ahal den gertuen, gainera.
Ildo horretan, Berdintasun Ministerioak gogora ekarri du kontzientzia eragozle ez diren medikuak, alegia, abortua praktikatzeko prest daudenak, izan behar dituztela erkidego guztiek. Horregatik, emakumeei abortatzeko eskubidea bermatzen dieten sendagileak kontratatzeko deia egin die erkidegoei.
"Legea oso argia" dela dio gutunean Ministerioak, eta proposatzen du lurralde guztietan kontzientzia eragozleen erregistroak sortzea.
2010eko legeak ezarritako epeak errespetatzen ditu abortuaren legeak, eta aipatu neurriak ez ezik, beste zenbait ere jasotzen ditu; hala nola, 16 eta 17 urteko adingabeek haurdunaldia gurasoen baimenik gabe eten ahal izatea, eta hilerokoagatik lanera joateko gai ez diren emakumeek baja hartzeko aukera edukitzea.