Itxi

baso-suteak

Gizon bat atxilotu dute Corellan, apirilean 2,63 hektarea erre zituen sutea eragitea egotzita

eitb media

Leer en Castellano

Atxilotuak 41 urte ditu eta Corellako bizilaguna da. Bizilagun baten landa-etxola erre nahi zuen. Guardia Zibilak zaintza-kamera bati esker identifikatu du sutearen ustezko egilea.

Correllan pasa den apirilean izan zen sutea. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia.

Nafarroako Guardia Zibilak apirilaren 17an 2,63 hektarea erre zituen sutearen ustezko egilea atxilotu du Corellan. Pertsonak eta ondasunak arriskuan jarri dituen sute baten ustezko egiletza egotzi diote, eta beste delitu jarraitu bat hainbat finkatan kalteak eragiteagatik.

Atxilotua 41 urteko gizonezko corellar bat da, eta, antza, liskarrak zituen bizilagun baten landa-etxola erre nahi zuen.

Ikerketaz arduratu ziren guardia zibilek zaintza-kamera bat aurkitu zuten kaltetuetako landa-etxola batean. Kamera horrek hartutako irudietan, dirudienez, ustezko egilea ikus daiteke etxolaren atzealdetik irteten, sua sortu zen une eta leku beretik.

Horren aurrean, susmagarria atxilotu eta Tuterako Guardiako Epaitegiaren esku utzi dute.