Migrazioa
Aita Mari ontziak ez du Mediterraneora itzultzeko baimenik lortuko aldez aurreko akordiorik ez badu lortzen
Xabier Urteaga
Hamargarren erreskate misioari ekiteko prest daude, baina egunotan jakinarazi diete migranteak lehorreratzeko Italiarekin, Maltarekin edo Libiarekin akordiorik lortu ezean ezingo dutela abiatu.
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak kudeatzen duen Aita Mari ontziak ez du Mediterraneora itzultzeko baimenik eskuratuko, aldez aurretik ez badu Italia, Malta edo Libiarekin akordiorik lortzen.
Hain zuzen ere, duela hilabete Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak egindako bilerarekin lotu dute erabakia Aita Mari ontziko arduradunek. Twitterren zabaldutako mezu batean salatu dutenez, Espainiako Gobernuak ez die Mediterraneora itzultzen utziko, aurretiko akordiorik gabe.
Ahora sabemos lo que significaba aquel apretón de manos entre @sanchezcastejon y @GiorgiaMeloni. El Gobierno español niega tramitar la solicitud de despacho a #Aitamari hasta que no haya un acuerdo con Italia, Malta o Libia. Algo que sabe que nunca va a ser posible #DiaDeAfrica¿ pic.twitter.com/aCT6LK4cFJ
— maydayterraneo (@maydayterraneo) May 25, 2023
Une honetan, Castelloko portu batean dago ontzia, hamargarren erreskate misioari ekiteko prest, baina egunotan jakinarazi diete migranteak lehorreratzeko Italiarekin, Maltarekin edo Libiarekin akordiorik lortu ezean ezingo dutela abiatu.
Martxoaren 9an amaitu zuen azken misioa ontziak; lehendabizikoz, bikoitza. Ordutik, erreskate gehiago burutzeko egin beharreko prestaketak burutu dituzte ontzian, eta bideari ekin nahian Burrianako portura eraman zuten astelehenean. Alabaina, oraingoz iristeko itxura handirik ez duen baimenaren zain daude.
Aita Mari ontziak 71 pertsona erreskatatu zituen martxoan, Meditarrenoan. Italiako Gobernuaren azken erabakien ondorioz, erreskatea egin zuten lekutik, lehorreratzeko eskaini zieten portura iristeko bi egun behar izan zituztela salatu zuten.