Itxi

Hilketa matxista

Erkoreka: "Urtarrilean hasi zuen Ertzaintzak ikerketa, hiltzaileak urruntze agindua urratu zuenean"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

"2023ko urtarrilean izan zuen lehenengoz emakumearen berri Ertzaintzak. Hotel bateko arduradunen abisua jaso zuen orduan, bikotea izen faltsu batekin erregistratu zelako", adierazi du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du gaur, astelehenarekin, Gasteizen atzo izandako hilketa matxistaren nondik norakoak argitzeko. "Ikerketak luze joko du, gertakarien inguruko datuak ditugu, baina oraindik asko dago ikertzeko", erantsi du.

Eraildako emakumeari buruz esan du 32 urteko gasteiztar bat dela. "Azken hilabeteetan Euskaditik kanpo bizi zen. Alaba bat zeukan, eta indarkeria matxistarekin lotutako espediente batean agertzen zen haren izena. Ustezko hiltzaileak urruntze agindua zuen", zehaztu du. 

"2023ko urtarrilean izan zuen lehenengoz emakumearen berri Ertzaintzak. Hotel bateko arduradunen abisua jaso zuen orduan, bikotea izen faltsu batekin erregistratu zelako", adierazi du.

Ordurako abian zen indarkeria matxistarekin lotutako espedientea, bai eta urruntze agindua ere. Ertzantzak lehen atestatua egin zuen, emakumearekin hitz egin ostean, eta urruntze agindua urratzen ari zirela jakinarazi zion auziaz arduratzen zen epaitegiari. "Hurrengo hilabeteetan ez zuten auziarekin kontaktu gehiagorik izan, bikotea Gasteiztik kanpo bizi zelako", nabarmendu du. Maiatzaren 18an, baina, Burrianako (Castelló) Guardia Zibilak Ertzaintzari ohartarazi zion emakumea Euskadira itzultzeko asmotan zebilela.

Agenteek berriro hitz egin zuten harekin, arriskuan ote zegoen jakiteko. Biktimak urtarrilean egindako adierazpenak berretsi zituen. Orduko horretan ere, izen faltsu batekin erregistratu zen egun batzuk geroago hilotz aurkitu zuten apartahotelean. 

"Igandean familiarekin gelditu zen bazkaltzeko, eta hitzordura azaldu ez zenez, apartahotelera joan ziren bere bila. Gorpua aurkitu zutenean, Ertzaintzari abisu eman eta agenteek ikerketa berrabiarazi zuten. Lehen irudietan oinarrituta, ondorioztatu zuten hiltzailea bere bikotekidea izan zitekeela. Irudi argiak ez baziren ere, keinu eta mugimenduengatik heldu ziren ondorio horretara. Ustezko hiltzailearen bila hasi eta ordu gutxira Zaragozan atzeman zuten. Harrezkero, poliziaren zaintzapean dago, Gasteizera noiz eramango zain. 

Agerraldiaren amaieran, Erkorekak azpimarratu du ez dituztela oraindik analisi forentseak bukatu, eta, beraz, "goiz" dela "xehetasun gehiago emateko".

Bideoak (1)