Itxi

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Gasteizen hildako emakumearen familiak hiltzailea ez den beste errudunik ez bilatzeko eskatu du

EITB MEDIA

Hedabideetara igorritako agiri labur batean, Maialen Mazonen familiak azken egunotan jasotako babesa eskertzearekin batera, hedabideei eskatu die "morboa alde batera" utz dezatela informazioa zabaltzerakoan.

Maiale Mazonen hilketa salatzeko, atzo egindako elkarretaratzea, Gasteizen. Foto: EFE

Maialen Mazon bikotekideak Gasteizko apartahotel batean hildako emakumearen familiak eskatu du hiltzailetik harago "errudun gehiago ez" bilatzeko, ez delako "ez justua, ez eta etikoa ere".

Komunikabideetara gaur bidali duten agiri labur batean, biktimaren sendiak azken egunotan Gasteizko herritarrengandik eta erakundeengandik jasotzen ari diren babesa eta laguntza eskertu ditu. "Une oso zailak" bizitzen ari direla esan ondoren, "errespetua" eskatu diete hedabideei, informazioa zabaltzerakoan "sentsazionalismoa eta morboa" alboratu ditzatela esanez.

Halaber, oharrean familiak erantsi du errespetua "bereziki, alabarengatik" eskatzen dutela, "egoera honen beste bitima nagusia". Haren identitatea eta bizitza pribatua zaintzea nahi dute.

Bere aldetik, Mazonen ustezko hiltzailea,  33 urteko gizonezko valentziarra, Zaragozatik Gasteizko ertzain-etxe batera eraman dute bart, epailearen esku utzi aurretik. Ustezko hiltzailea AP-68ko Alagongo ordainlekuan atxilotu zuten igandean, taxi batean Valentziako Erkidegora ihesi zihoala. 

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo azaldu zuenez, gizonak emakumearengandik urruntzeko agindua zeukan, eta Ertzaintzak urtarrilean jakin zuen agindua urratzen ari zela. "2023ko urtarrilean izan zuen lehenengoz emakumearen berri Ertzaintzak. Hotel bateko arduradunen abisua jaso zuen orduan, bikotea izen faltsu batekin erregistratu zelako", adierazi zuen.

2023an EAEn izan den bigarren hilketa matxista da Gasteizkoa. Lehenengoa Lourdes del Hoyorena izan zen, maiatzaren 16an Orion. Bere bikotekide ohiak eskopeta batekin tiroz hil zuen, eta ondoren bere buruaz beste egin zuen.

Albisteak (2)