Indarkeria matxista
Epaileak espetxera bidali du Maialen Mazonen ustezko hiltzailea
EITB Media
Epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri dio, fidantzarik gabe. Sortzez valentziarra den 33 urteko gizasemea AP-68ko Alagongo ordainlekuan (Zaragoza) atxilotu zuten igandean, taxi batean Valentziako Erkidegora ihesi zihoala.
Epaileak espetxera bidali du Maialen Mazon 32 urteko gasteiztarraren ustezko hiltzailea. Epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri dio, fidantzarik gabe.
J.R. 33 urteko gizona Zaragozatik Arabako hiriburura ekarri zuten bart gauean, eta Ertzaintzaren bulegoetara eraman dute beharrezko polizia eginbideak egitera, epailearen esku utzi aurretik. 18:00ak aldera eraman dute epailearen aurrera, eta deklaratzeari uko egin dio.
Hildako emakumearen familiak eskatu du hiltzailetik harago "errudun gehiago ez" bilatzeko, ez delako "ez justua, ez eta etikoa ere".
Ustezko hiltzailea AP-68ko Alagongo ordainlekuan atxilotu zuten igandean, taxi batean Valentziako Erkidegora ihesi zihoala.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak astelehenean azaldu zuenez, gizonak emakumearengandik urruntzeko agindua zeukan, eta Ertzaintzak urtarrilean jakin zuen agindua urratzen ari zela. "2023ko urtarrilean izan zuen lehenengoz emakumearen berri Ertzaintzak. Hotel bateko arduradunen abisua jaso zuen orduan, bikotea izen faltsu batekin erregistratu zelako", azaldu du.
Agenteek lehen atestatua egin zuten, emakumearekin hitz egin ostean, eta urruntzeko agindua urratzen ari zirela jakinarazi zion auziaz arduratzen zen epaitegiari. Geroztik, Ertzaintzak ez zuen auziarekin kontaktu gehiagorik izan, bikotea Gasteiztik kanpo bizi zelako, Burrianan (Castello). Maiatzaren 18an, baina, Guardia Zibilak Ertzaintzari ohartarazi zion emakumea Euskadira itzultzeko asmotan zebilela. Ordutik, biktimaren arrisku-maila aztertzen ari ziren.
Igande eguerdian hil zuten, Gasteizko apartahotel batean. Mazon haurdun zegoen, eta haren gorpuaren ondoan 3 urteko alaba topatu zuten, onik. Bikotekidea (ustezko hiltzailea) ordu batzuk geroago atxilotu zuen Guardia Zibilak, Zaragozan, AP-68ko Alagongo ordainlekuan, taxi batean Valentziako Erkidegorako bidean ihesi zihoala. Guardia Zibilaren zaintzapean izan da ordutik, bart Ertzaintzaren esku utzi duten arte.