Osasuna
Emakume bat ospitaleratu dute Donostian, sukar hemorragikoa izan dezakeelakoan
E. G. | EITB Media
Osakidetzak protokoloa aktibatu du. Andrazkoa Afrika Erdiko Errepublikan izan berri da, eta egonkor dago. Sukar hemorragikoen artean hauek daude: ebola, Marburg birusaren gaixotasuna, Lassa sukarra eta sukar horia.
Emakume bat Urdulizko Ospitaletik (Bizkaia) Donostia Ospitalera (Gipuzkoa) lekualdatu dute sukar hemorragikoa izan dezakeelakoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baieztatu duenez. Gaixoa isolatuta dute Segurtasun Biologiko Handiko Ospitaleratze Eremuan, eta egonkor dago. Hainbat proba egin dizkiote, eta analisiek argituko dute gaitza duen ala ez.
Gaixoa Afrika Erdiko Errepublikara (herrialdearen erdialdea) egindako bidaia batetik itzuli berri da. Goizaldean joan da Bizkaiko erietxera, gaixotasunarekin bateragarriak diren sintomak (sukarra, besteak beste) zituela. Goizean eraman dute Donostiara.
Xabier Zubeldia Osakidetzako Donostialdeko ESIko zuzendariorde medikoak agerraldia egingo du gaur Donostia Ospitalean bertan, 13:00etan, kasuaren inguruko argibideak emateko.
Donostiako Ospitaleak eritasun mota hauek artatzeko segurtasun eta isolamendu baliabide bereziak dituen unitatea du —Espainiako Estatuan sei zentro baino ez daude—, eta Osakidetzak protokoloa abiatu ostean, bertara eraman dute gaixoa.
Sukar hemorragiko birikoak hainbat familiatako birusek sortzen dituzten gaitzak dira. Besteak beste, ebola, Marburg birusaren gaixotasuna, Lassa sukarra eta sukar horia daude horien tartean.