Itxi

Euskal Eskola Publikoaren jaia

Hezkuntza publikoa "zaintzeko, babesteko eta gordetzeko" eskatu dute EHIGEko arduradunek Mungian

Olatz Prat | EITB Media

Leer en Castellano

Euskal Eskola Publikoaren 30. jaia ospatzen ari dira gaur Mungian, "Jagon" hitzaren lelopean. Adin eta gustu guztietarako egun beteko egitaraua antolatu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

11:00etan ekin diote Mungian Euskal Eskola Publikoaren 30. jaiari. "Jagon" lelopean ari dira ospatzen urteurren borobila, eta jendea festan parte hartzera animatzeko egun beteko egitaraua atondu dute Mungialdeko ikastetxe publikoek eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak elkarlanean. Ez da, ordea, jai honetan ospatuko den urteurren bakarra. Izan ere, Mungialdeko ikastetxe publikoekin batera jaia antolatzen diharduen Legarda eskolak 50 urte bete ditu aurten, eta, beste jarduera askoren artean, 50 urteotako ibilbidea jasotzen duen erakusketa ipini dute eskola sarrerako kristaldegian.

"Altxorra daukagu eskuartean eta guztioi dagokigu euskal eskola publikoa zaindu, babestu eta gordetzea, bakoitzari dagokigun arlotik" aldarrikatu dute antolatzaileek irekiera ekitaldian, "agintarioi dagokizue euskal eskola publikoa behar bezala hornitzea eta hezkuntza komunitateari dagokigu baliabide horiekin kalitatezko eskola publiko euskaldun eta partehartzailea eraikitzea".

Eskola Publikoaren jaiak bezala, lehen Hezkuntza Legeak ere 30 urte bete dituela gogorarazi dute antolatzaileek eta lege horren "printzipio eta konpromisoek indar guztia" dutela gaur egun aldarrikatu dute eta ezin dela "amortizatutzat" eman. Hala, lege berri bat egin nahi den garai honetan ezin dela atzerapausorik eman esan dute eta orduan garatu gabe geratu ziren arloak garatu behar direla eta egungo erronkei erantzun behar zaiela. Hala, instituzioei bultzada emateko eskatu diete, euskal eskola publikoak bere "funtzio egituratzailea izateko eta sistemaren sare nagusia izatera heltzeko".

"Hizkuntza ereduen sistema gainditu" behar dela eta eskola publikoak "euskara biziberritzeko proiektu estrategikoa" behar duela ere aldarrikatu dute.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ere hitza hartu du eta "euskal eskola publikoaz arro" daudela esan du, "urte guzti hauetan gure hezkuntza sistemaren bizkarrezurra" izan dela aldarrikatuz. 30 urte eta gero "lege berri eguneratua eta indartsua" behar dela defendatu du eta horretan guztian "zutaberik sendoena" euskal eskola publikoa dela eta horrela jasoko duela legeak nabarmendu, "ekintzekin ere erakutsiko dena".

2030era arte 800 milioi euro inbertituko direla azpiegituretan jakinarazi du eta alde guztien arteko elkarlana eskatu du, "adostasunak lortzea eta helburuak guztion artean jartzea".

Hasiera ekitaldia, Mundian. Argazkia: Maria Agirre | EITB Media

Programazioa

Hiru gunetan banatuta (Ikastetxe publikoak, Matxin plaza eta Torrebillela parkea) hamaikatxo jarduera eta emanaldi programatu dituzte gaurko.

Aurten, aurrenekoz, gune propioa du "Gure Platera Gure Aukera" (GPGA) ekimenak Euskal Eskola Publikoaren Jaian. Gune honetan egingo diren jadueren bitartez, elikadurak dituen ondorio lokalak eta globalak ikustarazi nahi dituzte. Arreta berezia jarriko zaio, gainera, arrantzaren sektoreari. 

Txikienek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen nahiz Go!azeneko kideen emanaldiez gozatu ahal izango dute, baita puzgarriez, antzerki ikuskizunez zein, jolas kooperatibo, perkusio tailer eta euskal mitologiari buruzko jolasez ere.

Nerabeei zuzenduta, graffiti tailerra, txalaparta tailerra eta fun riders skate eta irristatze tailerrak antolatu dituzte.

Kirol jarduerek ere izango dute tokia, eskoletako pabilioian herri kirolak, Athletic gunea eta kirol egokitua izango baitira gozagarri.

Adin guztietako bisitariei zuzenduta, Mungiako memoria historikoa ezagutzeko ibilbidea prestatu dute, baita bertso, euskal dantza eta folk musika emanaldiak ere.

15:15etik aurrera Kilimak, STR eta Oxabi taldeak izango dira jendea dantzan jartzeko arduradunak lehen guneko kirol pistako oholtzatik.

Gainera, egun osoan zehar hainbat ekintza ibiltari izango dira kaleetan zehar, hala nola, Ondalan erraldoiak, Eskola Publikoa kantari eta batukada feminista. Artisau erakusketak ere izango dira.

Jaiaren egitaraua

Nola iritsi eta non aparkatu?

Euskal Eskola Publikoaren Jaira garraio publikoan joateko deia egin dute. Horretarako, Bizkaibusek Bilbo eta Mungia arteko zerbitzua indartuko du. IGEek antolatutako autobusek Simplyko aparkalekuan utzi eta jasoko dituzte jaira datozenak. Autoentzako Pradon egongo da aparkalekua eta autokarabanek Ferialen aparkatu ahal izango dute.

Jagon, hezkuntza publikoa zaintzeko deia

Iker Villa, Danae Riaño, Oihan Moreno, Lander Campos eta Xabier Bengoak osatzen duten STR talde bizkaitarrak egin du Euskal Eskola Publikoaren 30. jaiko abestia, "Jagon Eskola Publikoa" lelotik zaintzaren, babesaren eta laguntasunaren kontzeptuaren ildotik idatzi dituzte hitzak. Hona hemen bideoklipa: 

 

Bideoak (1)