Itxi

Obrak

Topoaren obrek Donostiako erdiguneko trafikoa aldatuko dute bost hilabetez gaurtik aurrera

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Udalak ibilgailu pribatuarekin erdigunera ez joateko eta Illunbeko disuasio-aparkalekua erabiltzeko deia egiten die bisitariei.

Lanek hiriburuaren erdiguneko trafikoan eragina izango dute. Argazkia: Donostiako Udala

Lasarte-Oria eta Hendaia lotzen dituen Euskotrenen lineako Topoa delakoaren obrek Donostiako erdiguneko trafikoa aldatuko dute bost hilabetez, gaurtik aurrera.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Euskal Trenbide Sareak (ETS) Mirakontxa eta Easo arteko trenaren ibilbidearekin lotutako zatian egingo dituen lanak direla eta, Easo eta San Martin kaleetako zirkulazioan eragina izango dute ekainaren 5ean hasi eta bost hilabetez luzatuko diren hainbat zirkulazio-aldaketek.

Garraio publikorako bideak, ibilgailu pribatuak, bizikletak eta oinezkoak berrantolatuko dira lanek dirauten bitartean, eta, obrak aurrera egin ahala, egokitu eta aldatuko diren alternatibak eskainiko dituzte.

Horregatik guztiagatik, Easo kalean bi zirkulazio-errei itxiko dira San Martin eta San Bartolome kaleen artean, eta oinezkoentzako/txirrindularientzako egungo erreiaren ordez zirkulazio-errei bat jarriko da. San Martin kalean, bestalde, bidegorria eta Urbieta eta Easo kaleen arteko zirkulazio-errei bat itxiko dira, eta autobus-erreia irekita mantenduko da.

Mozketa horiek mugikortasun-aldaketak eragingo dituzte eremu horretatik igarotzen diren hiri-autobusetan. Ibilgailu pribatuek ezin izango dute zirkulatu San Martin kalean, Urbieta eta Easo kaleen arteko aldean. Irekita dagoen erreitik autobusek, motorrek eta bizikletek zirkulatu ahal izango dute (mendebalderantz bakarrik, zirkulazioaren noranzkoan).

Bestalde, San Bartolome-Manterola kaleko bizikleta-erreia berregokituko da, Easo kaleko bidegorria eta San Martin kalea lotzeko. Horretarako, San Bartolome kaleko moto-aparkalekua kenduko da, eta plaza berriak sortuko dira Urdaneta, Manterola eta Arrasate kaleetan.

Manterola eta Easo kaleen arteko San Martin kaleko bi norabideko bidegorriaren egungo zatia norabide bakarrekoa izango da, eta mendebalderantz zirkulatzea baino ez du ahalbidetuko, Antiguarantz. Easo eta San Martin kaleen arteko izkinan dauden oinezkoentzako pasabideak deuseztatu egingo dira.

Abuztuan, San Bartolome kalean, Zentro-Kontxako geltokiko larrialdiko aireztapena hondeatzeko obrak hastea aurreikusi du ETSk. Lehenengo fasea lau eta bost aste artekoa izango da, eta Easo eta Urbieta kaleen artean errei bakar batetik zirkulatzea baimenduko da, ibilgailu mota guztientzat.

Aurreko lanak amaitu eta lehen fasean eragindako trafikoak berrezarri ondoren, abendu aldera San Bartolome kalea erabat itxiko da zirkulaziorako, 13 hilabete inguruko epean. Horrek aldaketak ekarriko ditu tarte horretatik doazen autobus-lineetan.

Azkenik, 2024ko lehen hiruhilekoan, Easo kalean, Arrasate kalearen ondoan dagoen igogailuaren obra hasiko da, eta Topoaren erdiguneko geltokiari emango dio zerbitzua. Era guztietako ibilgailuek errei bakar batetik zirkulatu ahal izango dute lan horiek egin bitartean.

Donostiako Udalak adierazi duenez, "2025erako aurreikusita dagoen Topo linea berriaren etorreraren aurreko azken eraginak izango dira".