Itxi

2023KO SANFERMINAK

Osasuna futbol taldeak botako du 2023ko sanferminetako txupinazoa

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Enrique Maya Iruñeko alkateak gaur goizean eman die erabakiaren berri udal taldeen bozeramaileei. Gorritxoek egindako denboraldi historikoa saritu nahi dute omnenaldi honekin, baita covid-19agatik ospatu ez zen mendeurrena gogoratu ere.

2018ko txupinazoa. EFEren artxiboko irudia

Uztailaren 6an 2023ko sanferminei hasiera emango dien txupinazoa Osasuna futbol taldeak jaurtiko du. Hala iragarri die astelehen honetan Enrique Maya Iruñeko alkateak udal taldeetako bozeramaileei, Udalak ohar batean jakinarazi duenez.

Omenaldi honekin, futbol talde nafarrak egindako denboraldi historikoa saritu nahi du Udalak; izan ere, Osasunak zazpigarren postua lortu du igande honetan Santander Ligan, eta, ondorioz, taldea Europako txapelketa bat jokatzeko sailkatu da.

Bere historian lehen aldiz, lau txapelketa jokatuko ditu Osasunak datorren denboraldian: Santander Liga, Errege Kopa, Conference League eta Espainiako Superkopa.

Kirol arrakastei, gainera, 2020ko klubaren mendeurrena ere gehitu behar zaio, covid-19aren pandemiaren ondorioz, murrizketak zirela eta, ez baitzen behar bezala ospatu.

Osasunak, erakunde gisa, aurretik ere eman die hasiera San Fermin jaiei, 2000. urtean, taldea Lehen Mailara igo ostean, Cesar Palacios gorritxoen kapitainak jaurti baitzuen txupinazoa.

Iaz ere, txupinazoak ukitu gorritxoa izan zuen, Juan Carlos Unzue futbolari eta entrenatzaile ohiak jaurti baitzuen Iruñeko sanferminei hasiera emateko txupinazoa. Unzuek osasun-langileak eta ELA (alboko esklerosi amiotrofikoa) duten gaixoak izan zituen gogoan.