Ziberdelituak
6.086 delitu informatiko atzeman dituzte 2023ko lehen hiruhilekoan EAEn, iaz baino % 22 gehiago
EITB MEDIA
Delitu horietatik 5.364 (% 19 gehiago) ziberiruzurrak izan ziren, 279 (% 37 gehiago) ziberfaltsutzeak, 204 (% 15 gehiago) sekretuak argitara ematearekin lotutakoak, 44 (% 4 gutxiago) zibermehatxuak eta ziberjazarpenak, 25 (% 108 gehiago) ziberdelitu sexualak eta 11 (% 83 gehiago) zibererasoak.
2023ko lehen hiruhilekoan 6.086 delitu informatiko atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (aurreko urteko denbora tarte berean baino % 22 gehiago). Hain zuzen ere, aurten izandako delituen % 25 dira ziberdelituak.
Delitu horietatik 5.364 (% 19 gehiago) ziberiruzurrak izan ziren, 279 (% 37 gehiago) ziberfaltsutzeak, 204 (% 15 gehiago) sekretuak argitara ematearekin lotutakoak, 44 (% 4 gutxiago) zibermehatxuak eta ziberjazarpenak, 25 (% 108 gehiago) ziberdelitu sexualak eta 11 (% 83 gehiago) zibererasoak.
Datuok gaur eman dituzte jakitera EAEko Segurtasun Batzordearen bileraren ondotik. Batzordeak Bilbon egin du bilera, Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa buru zirela.
Horrekin lotuta, gogorarazi behar da EAEk Zibersegurtasun Agentzia edukiko duela aurki: Cyberzaintza. Erakundeak delitu informatikoen kontrako borrokan "modu integralean" jardungo du eta, hala, herritarrak, erakundeak eta enpresak datuen lapurretaz eta halako delituez babesteaz arduratuko da.