Itxi

Zibersegurtasuna

Jaurlaritzak Ziberzaintza sortuko du, delitu zibernetikoen kontra arituko den agentzia

EITB Media

Sektore publikoan eskaintzen duen babesa herritarrei eta enpresei zabaldu nahi die exekutiboak. Izan ere, asko igo dira delitu informatikoak; azken hiruhilekoan % 22.

Delitu informatikoen kontrako unitateko agente bat. EITB Media

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) Zibersegurtasun Agentzia edukiko du aurki: Ziberzaintza. Erakundeak delitu informatikoen kontrako borrokan "modu integralean" jardungo du, eta, hala, herritarrak, erakundeak eta enpresak datuen lapurretaz eta halako delituez babesteaz arduratuko da. 

Agentzia Segurtasun Sailaren menpe egongo da, eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburua izango du presidente. Exekutiboak sektore publikoan eskaintzen duen babesa herritarrei eta enpresei zabaldu nahi die. Izan ere, 2017tik sektore publikoko erakundeen (Jaurlaritza bera, aldundiak eta udalak) zerbitzu informatikoak babesten ibili da Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa, eta sei urteotan egindakoak agentzia berrirako irakaspen izango direlakoan dago Jaurlaritza. Alde horretatik, gaur egun zentroari atxikita dauden pertsonala eta baliabide materialak Ziberzaintza agentzian integratuko dira.

Jaurlaritzak gaurko gobernu bileran (Bizkaian egin dute, Busturiko Madariaga dorretxean) onartu du agentzia sortzeko lege proiektua, eta urgentziaz izapidetuko duela iragarri. Izan ere, agentzia "lehenbailehen" sortzea nahiko luke. 

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak gobernu bileraren osteko agerraldian azaldu duenez, ziberdelituak zenbat eta zein erritmotan hazi diren ikusita, "premiazkoa" zen erakundea sortzea. "Ziberdelikuentzia benetako mehatxua da", azpimarratu du. Azken datuen arabera, ziberdelituen kopurua % 22 igo da 2023ko lehen hiruhilekoan, eta iaz % 41 hazi zen.

Ertzaintza eta agentzia lankidetzan arituko dira, delitu informatikoen kontra eginda eta azpiegitura "kritikoenak" zainduta. Halaber, erakunde eta enpresen datu, sare eta sistemak babesteaz arduratuko da. 

Azkenik, "zibersegurtasuneko estrategia bateratu bat sustatzea eta koordinatzea" ere izango du eginkizun. 

Albisteak (1)