Itxi

Migrazioa

Irunen gertatutakoaren ondotik, "arrazakeria instituzionala" salatu dute gizarte eragileek

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

SOS Arrazakeriaren ustez, "aurpegia garbitzea" da espedientea ireki izana; Irungo Harrera Sareak "harriduraz" hartu du "migratzaileak ehizatzeagatik poliziei emandako sariei" buruzko albistea, eta LABek kontrol "etniko, arraza eta politikoak" bertan behera uzteko eskatu du.

Bestelako migrazio politika baten aldeko maniestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

SOS Arrazakeria gobernuz kanpoko erakundeak "arrazakeria instituzionala" salatu du polizian, eta "aurpegia garbitzea" dela uste du Polizia Nazionalaren Irungo Atzerritartasun Brigadako buruari espedientea ireki izana, "atxilotutako migratzaileengatiko sariekin" sinatzen zuen aginduagatik.

Ohar baten bidez, SOS Arrazakeriak aipatu du Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak espedientea ireki diola Atzerritarren Brigadako buruzagiari, Irunen atxilotutako migratzaileengatik egun libreak eskaintzen dituen agindu bat sinatzeagatik. Ordu batzuk geroago, Euskadiko Polizia Nazionalaren Buruzagitza Nagusiak agindua desaktibatu du, Jupol Espainiako Poliziaren sindikatuak bere sare sozialen bidez salatu ondoren.

"Ehiza-txapelketa bat balitz, Barne Ministerioak sariak ezartzen ditu atxilotutako migratzaileen truke", kritikatu du SOS Arrazakeriak, eta adierazi du ez dela "poliziaren jardunean inoiz ikusi ez den zerbait". "Horren froga da tokiko buruzagiak sinatzen duela agindua", esan du, eta Espainiako Gobernuarentzat arazoa "publiko egin dela" dela gaineratu du.

"Horregatik ireki zaio espedientea, eta hori aurpegi-garbiketa bat baino ez da", kritikatu du, eta, jarraian, gaineratu du "egunero, adibidez, Ceuta eta Melillako hesietan modu batean jokatzen dela, ildo horretako irizpideetan oinarrituta, eta, gero, iritzi publikoaren aurrean, ukatu eta asmatu egiten direla poliziaren jardunari buruzko bertsio edulkoratuak".

Irungo Harrera Sareak "harriduraz eta kezka handiz" hartu du "migratzaileak ehizatzeagatik poliziei emandako sarien" berria, eta Polizia Buruzagitzari eskatu dio "erantzukizunak berehala argitzeko eta beharrezko dimisio guztiak emateko" gertatutakoaren ondoren.

Bere ustez, "migratzaileen oinarrizko eskubideekiko, atzerritartasun gaietan indarrean dagoen legearekiko eta poliziaren lan eskubideekiko errespetu falta eta zapalketa ikaragarria eta kezkagarria da".

Sarearen ahotan, proposamen horrekin "segurtasun indarretan oraindik gera daitekeen arrazakeria legitimatzen da eta printzipioz indarrean dauden balio demokratikoei zilegitasuna kentzen zaie". Horregatik guztiagatik, Irungo Harrera Sareak herritarrei dei egin die "erakundeak edukiz husten dituzten neurri horiei modu aktiboan erantzuteko".

Era berean, LAB sindikatuak "arrazakeria instituzionala" salatu du, eta Irun eta Hendaia arteko muga berriro irekitzea, kontrol "etniko, arraza eta politikoak" etetea eskatu du.

Salaketa baten ostean, agindu hori bertan behera geratu den arren, "salagarria eta oso larria" dela uste du.

Sindikatuak ez du onartu nahi erakunde publikoek, "oinarrizko eskubideak babesteko eta bermatzeko eredua eman beharko luketenek", "arrazakeria estrukturala sustatzen eta saritzen" ibiltzea.