Itxi

ARABAKO IKASTOLEN JAIA

Euskararen alde, gaur denak ‘Elkar-EKIN’ Olarizura

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Aurten, Aguraingo Lautada Ikastolarentzat bilduko da dirua Olarizuko zelaiguneetan, Arabako ikastolen aldeko Araba Euskaraz jaian. Bertaratzen diren herritarrek euskal kulturaz gozatzeko aukera izango dute.

Arabako ikastola guztien artean antolatu dute Araba Euskaraz. Argazkia: Araba Euskaraz

Euskararen alde elkarrekin egin dezakegun bide luzea agerian utziko dute gaur, ekainak 11, ehunka herritarrek Olarizuko zelaiguneetan, Arabako ikastolen aldeko jaian, 'Elkar-EKIN' lelopean. Iaz bezala, Arabako ikastola guztien artean antolatu dute Araba Euskaraz, eta, aurten, Aguraingo Lautada Ikastolarentzat bilduko da dirua.

Bertaratzen diren herritarrek euskal kulturaz gozatzeko aukera izango dute, Agurain eta Lautada euskaldunago baten alde egunero egiten den lana ezagutuz eta zabalduz.

Hori guztia, familia eta adin-tarte ezberdinetako pertsonei aisialdirako eta ongi pasatzeko espazioak eskainiz, euskaratik eta euskaraz, jai egun polit honetan. Ohi bezala, EITBk txoko berezia izango du bertan, kasu honetan 1.gunean, Lautada izenekoan. Bertan kokatuko da 3 klubaren espazioa, eta klubeko kide egiteko aukera egongo da 11:00etatik 18:00etara.

Horrez gain, 17:00etatik aurrera "Go!azen: Karaokea" emanaldia eskainiko du EITBk eta, telesaileko hiru aktoreren eskutik, abestu eta dantzatzeko aukera izango dute gaztetxoek.

Egitaraua

Arabako zortzi ikastolak elkarrekin aritu dira 23. edizio honetako jarduera guztiak antolatzen, "auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, eskuz esku, buruz buru, jakintza elkarbanatuz eta harremana aberastuz", arduradunek nabarmendu dutenez.

Helburu nagusienetako bat elkar ezagutza sustatzea da, Lautada Ikastolaren hezkuntza proiektua ikusaraziz, harremanak estutuz eta saretzeko topalekua bihurtuz.

Lautada Ikastola, 2008. urtean sortu zuten, eta 250 ikasle eskolatzen dituzte urtero, kalitatezko hezkuntza euskalduna eskainiz.

Logotipoari dagokionez, 'EKIN' hitza bera hartu da iruditzat. Dena dela, aditzak marratxo bat darama aurretik, "bera bakarrik dagoenean aditza izango delako, baina, beste hitz batzuekin lotuta, deklinabide atzizki gisa erabiliko dugulako".

Testuinguru horretan, hitz horrekin jolastu du Ttek! Gasteizko elektrotxarangak abestia sortzeko: "Elkar-EKIN". Hain zuzen ere, Malen Urbegain, Aguraingo Lautada ikastolako irakaslea, da letraren egilea. Emaitza, funk eta pop doinuak dituen abesti alai eta dantzagarria da:

Batzen gaituzten emozioak

Urtero bezala, EITB Ikastolen Elkarteko ospakizunetan bidelagun eta babesle nagusi izango da, bi entitateen arteko aliantza berretsita. Hala, EITBren medioek Araba Euskaraz jaiko jarduera eta ekitaldien berri emango dute, telebistan, irratian zein webgunean.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)