Itxi

ARABAKO IKASTOLEN JAIA

"Agurain euskaldun bat amesten dugu, Lautada euskaldun baten baitan" aldarrikatu dute Araba Euskarazen

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hezkuntza eredu propioa aldarrikatu du Unai Mendizabal Arabako Ikastolen Elkartearen presidenteak jaialdiari hasiera eman aurretik egindako aurkezpenean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskararen eta euskal kulturaren alde, "elkarrekin", egin daitekeen bide luzea agerian utzi du gaur  Araba Euskaraz ikastolen aldeko jaiak. Goizetik, "Elkar-EKIN" lelopean, milaka herritar batu dira Olarizuko zelaiguneetan.

Goizean goiz euria egin duen arren, hurrengo orduetan ateri egon du, eta horri esker "ikastolazale andana hurbildu da Araba Euskaraz ospatzera". Ildo horretatik, "beste behin ere Arabako ikastolen mugimenduak jaso duen babes eta laguntza" nabarmendu dute antolatzaileek ohar batean.

Aurreko edizioan bezala, oraingoan ere, Arabako zortzi ikastolen artean antolatu dute jaia, elkarlanean, auzolanean, eta, aurten, bildutako dirua Aguraingo Lautada ikastolarentzat izango da, "Agurain euskaldun bat amesten dugulako, Lautada euskaldun baten baitan", azpimarratu du Unai Mendizabal Arabako Ikastolen Elkartearen presidenteak jaialdiari hasiera eman aurretik egindako aurkezpenean. Gari Suarezek eta Maddi Agirrek gidatu dute ekitaldia, eta parte hartu dute baita ere, Xubton Stilt jazz taldeak, Antton Aranburu kantariak eta Lautada ikastolako ikasleek.

Amets hori egia bihurtzeko lanean ari direla azpimarratu du Mendizabalek, eta azaldu du ikastolak ez zirela sortu soilik bertako hezkuntza eredua iraultzeko bakarrik, "euskararen egoera irauli, euskaraz egin eta euskaraz eragiteko jaio ginen". Ildo horretan, iragarri du Arabako ikastolek euren prestutasuna berresten dutela hezkuntza eredu propioa gorpuzten laguntzeko, "inoren kontra eginez eta denen alde, kalitatezko hezkuntza eredu moderno, eraldatzaile, batzen duena eta eredugarri baten bidean. Hori da Arabako zortzi ikastolon ortzi-muga".

Horretarako, ezberdinen arteko gaitasunean eta konpromisoan sinesten dutela azaldu du Mendizabalek eta, hortik abiatuta, bidea egiteko, "ekiteko", deia egin du. "Benetan, euskal hezkuntza sistema berri batean sinisten badugu, batu gaitezen denok. Hartu dezagun esperientzia ezberdinetatik onena etorkizuneko Euskal Herriari ateak zabaltzeko. Badugu zeri ekin", amaitu du.

Arabako Ikastolen Elkartearen presidentearen ostean, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Maria Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak hartu dute hitza. Ondoren, urtero legez, Unai Mendizabalek euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana aitortzeko omenaldia gidatu du. Oraingoan, Bostak Bat elkartea nabarmendu dute, aurten betetzen dituelako 40 urte euskara hutsean egindako sinonimoen lehenengo hiztegiak. Hala, euskara ikertu, egokitu eta zabaltzeko egindako lanari omenaldia egiteko, Patxi Uribarren arabar euskaltzain emerituak eta Jose Luis Goikoetxea ohorezko euskaltzainak jaso dute aitortza.

Ekitaldian Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ere hartu dute hitza. Ikastolen lana balioan jarri du Urtaranek, gainerako hizlariek bezala, eta aurrera ere ikastolek egiteko asko dutela azpimarratu du.

Egun osoko jaia

Araba Euskarazek familia eta adin-tarte ezberdinetako pertsonei aisialdirako eta ongi pasatzeko espazioak eskaini dizkie egun osorako, euskaratik eta euskaraz. Ohi bezala, EITBk txoko berezia izan du bertan, kasu honetan 1.gunean, Lautada izenekoan. Bertan kokatuko da 3 klubaren espazioa, eta klubeko kide egiteko aukera egon da 11:00etatik 18:00etara. Horrez gain, 17:00etatik aurrera "Go!azen: Karaokea" emanaldia eskaini du EITBk eta, telesaileko hiru aktoreren eskutik, abestu eta dantzatzeko aukera izan dute gaztetxoek.

Egitaraua

Arabako zortzi ikastolak elkarrekin aritu dira 23. edizio honetako jarduera guztiak antolatzen, "auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, eskuz esku, buruz buru, jakintza elkarbanatuz eta harremana aberastuz", arduradunek nabarmendu dutenez. Helburu nagusienetako bat elkar ezagutza sustatzea da, Lautada Ikastolaren hezkuntza proiektua ikusaraziz, harremanak estutuz eta saretzeko topalekua bihurtuz.

Lautada Ikastola, 2008. urtean sortu zuten, eta 250 ikasle eskolatzen dituzte urtero, kalitatezko hezkuntza euskalduna eskainiz. Logotipoari dagokionez, 'EKIN' hitza bera hartu da iruditzat. Dena dela, aditzak marratxo bat darama aurretik, "bera bakarrik dagoenean aditza izango delako, baina, beste hitz batzuekin lotuta, deklinabide atzizki gisa erabiliko dugulako".

Testuinguru horretan, hitz horrekin jolastu du Ttek! Gasteizko elektrotxarangak abestia sortzeko: "Elkar-EKIN". Hain zuzen ere, Malen Urbegain, Aguraingo Lautada ikastolako irakaslea, da letraren egilea. Emaitza, funk eta pop doinuak dituen abesti alai eta dantzagarria da:

Batzen gaituzten emozioak

Urtero bezala, EITB Ikastolen Elkarteko ospakizunetan bidelagun eta babesle nagusi izango da, bi entitateen arteko aliantza berretsita. Hala, EITBren medioek Araba Euskaraz jaiko jarduera eta ekitaldien berri eman dute, telebistan, irratian zein webgunean.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)