Itxi

OTI Digitala

Osakidetzaren osasun txartel digitala gaurtik aurrera egongo da erabilgarri

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Telefono mugikorrean ohiko txarteleko egiaztagiriak izateko aukera emango du, profesionalen aurrean identifikatzeko balioko du eta QR kodeak irakurtzeko gailuetan erabili ahalko da Euskadiko farmazia guztietan eta Arabako Unibertsitate Ospitalean.

OTI Digitala.

Gaurtik aurrera Osasun Sailak eta Osakidetzak ezarritako formatu digitaleko Osasun Txartel Indibiduala (OTI) izango da erabilgarri Euskadiko farmazia guztietan

Txartel horrek ohiko txarteleko egiaztagiriak mugikorrean eskuratzea ahalbidetuko du. Hala ere, OTI txartel digitalak "ez du ordezkatzen ohiko txartela (plastikozko txartela). Zerbitzu erantsi bat izatea da asmoa, herritarren eta osasun-sistemaren arteko interakzioa hobetzeko". Beraz, OTI digitalaren erabiltzaileei plastikozko OTIa ere gordetzeko eskatu diete. "Hori oso garrantzitsua da; izan ere, Osakidetzako zerbitzu batzuetan eta beste autonomia-erkidego batzuetan, OTI digitala, oraingoz, ez da eraginkorra, eta plastikozkoa erabiltzen jarraitu beharko da", zehaztu dute.

Euskal Osasun Zerbitzutik azpimarratu dutenez, "urrats berri bat da euskal osasun-sistema publikoaren modernizazioan", eta Eusko Jaurlaritzaren NIK Patrika Digitala proiektuaren barruan bultzatu dute.

OTI digitala baliagarria izango da, halaber, Osakidetzako profesionalen aurrean identifikatzeko osasun-zentro, anbulatorio eta ospitale guztietan, "orain plastikozko OTI fisikoarekin egiten den bezala". Gainera, QR kodeak edo totemak irakurtzeko gailuetan ere erabili ahal izango da, Euskadiko farmazia guztietan eta Arabako Unibertsitate Ospitalean. Pixkanaka, Osakidetzako gainerako sarera ere zabalduko da.

Oraingoz, OTI digitala indibiduala eta pertsonala da. Hurrengo fasean, familia bereko kideen osasun-txartelak telefono mugikor bakar batean izateko aukera ezarriko da.

OTI digitala eduki ahal izateko, ezinbestekoa da ziurtagiri digital bat izatea (B@kQ edo antzekoa), Osasun Karpetarako sarbidea ematen duena bezalakoa. Behin hori lortuta, nahikoa da Eusko Jaurlaritzaren NIK Patrika Digitala aplikazioa deskargatzea AppStore edo PlayStore bidez.

Ziurtagiri digitala lortzeko interesa dutenek zuzenean eskuratu ahalko dute nortasun digitala (B@kQ) aplikazio mugikorretik; aurrez aurre eskuratzeko, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arretarako Bulegoetan (Zuzenean) edo gizarte-etxeetan dauden KZguneetako edozein zentrotan eskatu ahal izango dute.

Albisteak (1)