KLIMA-ALDAKETA
Europak inoizko udarik beroena izan zuen 2022an, Europar Batasunaren txosten baten arabera
EITB MEDIA
Halaber, Ipar Atlantikoko itsasoaren gainazaleko batez besteko tenperaturak inoiz atzeman diren beroenak izan ziren, eta glaziarretako izotza "aurrekaririk gabeko erritmoan" urtu zen iaz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Europak inoiz izandako udarik beroena izan zuen 2022an, Munduko Meteorologia Erakundeak eta Copernicus Europar Batasuneko Klima Aldaketarako Zerbitzuak klimaren egoerari buruz egindako txosten baten arabera. Bertan jasotako datuak kezkagarriak dira; izan ere, "munduan azkarren berotzen ari den kontinentea" Europa bera dela ondorioztatu dute. Gauzak horrela, Europan, gero eta nabariagoak dira klima-aldaketaren ondorioak.
Testuinguru horretan, Europako hainbat herrialdek inoizko tenperatura altuenak izan zituzten iaz, hala nola Alemaniak, Belgikak, Suitzak, Espainiak, Frantziak, Italiak, Luxenburgok eta Portugalek. Testuinguru horretan, munduko beste herrialdeekin alderatuta, "abiadura bikoitzean berotzen ari da Europa".
"2022an, Europako herrialde askok inoiz bizi izandako urterik beroena izan zuten. Udarik beroena izan zen datuak daudenetik. Gainera, tenperatura altuek lehorteak areagotu zituzten, baso-sute bortitzetan lursail zabalak kiskali ziren, eta milaka pertsona hil ziren beroaren eraginez", adierazi du Petteri Taalas Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusiak.
Halaber, Ipar Atlantikoko itsasoaren gainazaleko batez besteko tenperaturak inoiz atzeman diren beroenak izan ziren, eta inguru horretan itsasoko bero-bolada gogorrek edo muturreko tenperaturek nabarmen berotu zuten itsasoko ura. Horren ondorioz, glaziarretako izotza "aurrekaririk gabeko erritmoan" urtu zen iaz.
Klima-aldaketaren aurkako protesta, São Paulon (Brasil). Argazkia: EFE
Bestalde, prezipitazio gutxiago izan ziren 2022an, Iberiar penintsulan laugarren lehorte jarraituari bidea emanez. Alpeetako eta Pirinioetako inguru menditsuetan ere, lehorteak izan zituzten, hirugarren urtez jarraian.
Txostenaren arabera, 2022an "muturreko beroek, lehorteek eta baso-suteek" protagonismo handia izan zuten. Hala, bero-boladen eraginez, aurreko urteetan baino 16.365 pertsona gehiago hil ziren (156.000 pertsona guztira).
Nolanahi ere, Munduko Meteorologia Erakundeak nabarmendu duenez, "klima-aldaketaren aztarna nabarmena da jada Europan, baina energia berriztagarrietara egokitzea oso itxaropentsua da etorkizunari begira".