Itxi

Koronabirusa

Osasun zentroetan eta farmazietan musukoak kentzeko aukera eztabaidatuko dute arratsaldean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Jose Miñones Osasun ministroak deituta, 17:00etan hasiko da Lurralde arteko Kontseilua, eta bertan erabakiko dute gaur-gaurkoz musukoa derrigorrezko den tokietan hala izaten jarraituko duen ala "gomendioa" izango den aurrerantzean.

Jendea musukoarekin ospitale baten atarian. Argazkia: EFE

Jose Miñones Osasun ministroak deituta, Espainiako Osasun Sistemako Lurralde arteko Kontseilua bilduko da gaur arratsaldean, 17:00etan. Erkidegoetako kontseilariek, besteak beste, musukoak osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta farmazietan kentzeko aukerari buruz eztabaidatuko dute.

Gai-zerrendaren arabera, erkidegoen ordezkaria izendatuko dute EBko Enplegu, Gizarte Politika, Osasun eta Kontsumitzaile Kontseiluaren bileretarako. Horren ostean, egoera epidemiologikoa eta covid-19aren aurkako txertaketa aztertuko dituzte, eta arlo horretan beharrezkoak diren akordioak hartuko dituzte.

Gaien artean hala agertzen ez den arren, ministroak berak duela egun batzuk aurreratu zuen asmoa zela musukoak oraindik derrigorrezkoak diren lekuetan (osasun-zentroak, zentro soziosanitarioak eta farmaziak) kentzeko aukera eztabaidatzea ekaina amaitu baino lehen.

Ministroak gogorarazi duenez, erabakia Ministroen Kontseiluari dagokio, baina "zorroztasunez eta seriotasunez" hartuko dute, adituen irizpideetan oinarrituta, "luzaroan, behin betiko edo modu mailakatuan" egitekoa baita.

"Musukoen erabilera, derrigorrezkoa izan beharrean, gomendagarria izatetik gertuago gaude", iragarri zuen ministroak, eta egun berean aurreratu zuen urritik aurrera 80 urtetik gorakoen eta osasun-arloko profesionalen babesa indartzeko kanpaina hasiko dela Hipra espainiar txertoarekin.