Koronabirusa
Musukoa ez da derrigorrezkoa izango ospitale, farmazia eta zentro soziosanitarioetan
EITB Media
1.140 egunez izan da derrigorrezkoa Espainiako Estatuan eremuren batean musukoa nahitaez erabiltzea. Ministroen Kontseiluak datorren astean onartuko du, ziurrenik, araudi berria jasoko duen errege-dekretua.
Lurralde arteko Osasun Batzordeak babestu egin du gaur musukoak osasun zentroetan, ospitaleetan eta farmazietan nahitaez erabili beharra behin betiko kentzea, eta, beraz, zentro horietan oro har erabiltzeari utziko zaio, baina arnas infekzioaren sintomak izatekotan oraindik jartzea gomendatzen da.
Jose Miñones Osasun ministroak arloko kontseilariekin adostu du neurria Lurralde arteko Osasun Batzordean. Duela aste batzuk hainbat erkidegok, tartean Madrilek, eskatu zuten erabaki hori, eta apirilaz geroztik ospitale, farmazia eta eguneko zentroen barruan musukoa kentzea aldarrikatu zuten.
Horrela, Espainiako Estatuak eremuren batean musukoa nahitaez erabiltzeko 1.140 egun baino gehiagoko betebeharrari amaiera emango dio. Izan ere, Ministroen Kontseiluak, ziurrenik, datorren astean araudi berria jasoko duen errege-dekretua onartuko du.
Fernando Simon doktorea buru duten Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko adituen txosten teknikoa aztertu ondoren hartu da erabakia.
Nolanahi ere, Miñonesek azken asteetan adierazi duen bezala, musukoak nahitaez erabili behar dira oraindik ezaugarri bereziak dituzten eta immunodeprimitutako pazienteak dauden osasun-eremu batzuetan, hala nola zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza-geletan edo larrialdietan.
Neurria uztailaren 23ko Hauteskunde Orokorretarako kanpainaurrean hartu izana "elektoralistatzat" jo dute PPren esku dauden erkidegoek.
Orain arte, maskarilla erabiltzea derrigorrezkoa zen osasun zentro eta zerbitzuetan, hala nola ospitaleetan, osasun-zentroetan, hortz-kliniketan, ugalketarako zentroetan, haurdunaldia borondatez eteteko zentroetan eta arreta espezializatuko beste zentro batzuetan.
Farmazietan eta adinekoen egoitzetan ere erabili behar ziren, baina azken toki horretan bertan lan egiten duten profesionalentzat bakarrik zen derrigorrezkoa, baldin eta egoiliarrekin harremanetan edo bisitarientzat eremu partekatuetan bazeuden.
Duela lau hilabete, otsailaren 8an, geratu zen bertan behera Espainian garraio publikoetan musukoak nahitaez erabiltzeko derrigortasuna.