Itxi

ZALDIBARKO ZABORTEGIA

Tapiak salatu duenez, "Verter Recyclingek ez ditu behar bezala egin Zaldibarko zabortegiaren kontrol lanak"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren esanetan, "azpiegituraren baldintzak nabarmen okertu dira". Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak iragarri du zabortegiaren titulartasuna berriro hartu eta egonkortasunari buruzko beste azterketa bat eskatuko duela.

Zaldibarko zabaortegia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Hainbat kolektibok Eusko Jaurlaritzari Zaldibarko zabortegiko lurretan beste hondamendirik gerta ez dadin "premiazko neurriak" hartzeko eskatu eta egun gutxira, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak oharra kaleratu du jakinarazteko "zabortegiaren titulartasuna modu subsidiarioan" bere gain hartuko duela berriro eta zabortegiaren egonkortasunari buruzko azterketa egingo duela "lehenbailehen".

Sailburuak salatu duenez, "Verter Recycling enpresak ez ditu behar bezala egin zabortegiaren kontrol-, mantentze- eta jarraipen-lanak", eta, ondorioz, "azpiegituraren baldintzak nabarmen okertu dira, eta ziurgabetasun egoera sortu". Egin berri duen ikuskapen tekniko baten bidez baieztatu du egoera hori Jaurlaritzak.

Halaber, Tapiak ziurtatu du "errekerimendu ugari" egin zaizkiola enpresari, beti "fiskaltzarekin eta epailearekin" partekatuta, baina "ez du eskatutakoa bete". Agertoki horren aurrean, Jaurlaritzak "zabortegiaren egonkortasunari buruzko azterketa bat" egingo omen du. "Horrela, azpiegituraren benetako egoera zein den finkatuko da eta Administrazioak zabortegiaren egoeraren berri izango du, eta, behar izanez gero, esku hartu ahal izango du instalazioaren segurtasuna eta ingurumenaren babesa bermatzeko", oharraren arabera.

Azkenik, sailburuak zehaztu du "errekerimenduak ez betetzeak" isun-espedienteak abiaraztea ekarriko duela.

Astelehenean, Zaldibar Argituk, Ekologistak Martxanek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak Zaldibarko zabortegiko lurretan "premiazko" neurriak hartzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari, beste hondamendirik gerta ez dadin; izan ere, azken txostenak baieztatu du zabortegiaren orubea ez dela batere egonkorra.

Elkarte horiek elkarretaratzea egingo dute gaur Eusko Legebiltzarraren atarian, eta manifestazioa deitu dute biharko, 19:00etan, Zaldibarko udaletxeko plazatik abiatuta.

Albisteak (3)