Itxi

MUGIKORTASUNA

Tourrak eragindako lehen gorabeherak gaur gauetik igarriko dira

EITB Media

Leer en Castellano

Irteera neutralizaturako eta helmugarako segurtasun-hesia ostiraletik larunbaterako gauean jarriko dute, 00:00etatik 06:00etara, gutxi gorabehera, eta, beraz, bi ibilbideetako kaleek zirkulazio-murrizketak izango dituzte denbora horretan.

Tourraren aurkezpen ekitaldia, Bilbon. Argazkia: EFE

Frantziako Tourrak Euskal Herriko mugikortasunean izango duen eragin nabarmenena gaur gauetik igarriko da, lehen etapako irteera (San Mames) eta helmuga (Zumalakarregi etorbidea) behar bezala prestatzeko beharra dela eta. Txirrindulariak Bizkaian barrena ibiliko dira lehen etapan, 182 kilometroko ibilbidea osatuz.

Irteera neutralizaturako eta helmugarako segurtasun-hesia ostiraletik larunbaterako gauean jarriko dute, 00:00etatik 06:00etara gutxi gorabehera; beraz, bi ibilbideetako kaleek zirkulazio-murrizketak izango dituzte denbora horretan. Halaber, trafiko-mozketa handiak gauerditik aurrera iritsiko dira, eta 06:30etik aurrera zirkulazioa etengo da San Mameseko tuneletatik hasita.

Egun zailena, baina, uztailaren 1a izango da, orduan ekingo baitio lasterketak Bilbotik. Egun horretan, Bilbo guztiz isolaturik geratuko da; izan ere, 09:00etarako moztuko dute lasterketaren ibilbide osoa. Hala, errepide nagusiak ibilgailuentzat egongo dira itxita, larrialdietako zerbitzuentzat izan ezik.

Bilborako San Mameseko sarbidea itxita egongo da 06:30etik 14:00etara. Artxandako tunelak, Txorierritik hasita, itxita egongo dira 06:30etik 18:30era Ugaskorako bidean (Deusturako noranzkoan); Begoñatik, berriz, 24 ordu iraungo du mozketak (ekainaren 30eko 22:00etatik uztailaren 1eko 22:00etara). Eta tuneletatik Salberaino (Errekalde zumarkalerako noranzkoa), mozketa 08:30etk 14:00etara egingo dute. Enekuriko sarbideak arian-arian itxiko dituzte 08:00etatik aurrera, eta 18:15 aldera berreskuratuko da normaltasuna.

Udalaren aurreikuspenen arabera, zirkulazioa uztailaren 1eko 21:00ak edo 21:30 aldera irekiko da berriro.

Txirrindularitzako zaleen herriak harrera beroa egin zion Tourreko tropelari atzo arratsaldean, Bilbon. Guggenheim Museoaren ondoan, Abandoibarrean, taldeen aurkezpena egin zuten. Milaka jarraitzaile hurbildu ziren lasterketako protagonistei ongietorria egitera. Txirrindulari eta talde guztiak txalo artean hartu zituzten zaleek, baina etxekoak izan ziren harrerarik beroena jaso zutenak: Mikel Landa, Pello Bilbao, Ion eta Gorka Izagirre anaiak, Jonathan Castroviejo, Omar Fraile eta Alex Aranburu.

Euskarak eta euskal kulturak protagonismo berezia izan zuten aurkezpen ekitaldian. Txirrindularietatik hasita, talde gehienak eta lasterketako protagonista gehienak txapela jantzita igo ziren agertokira. Aurkezpenaren ardura izan zuen Xabier Usabiaga EITBko kazetariak euskaraz hitz egin zien mundu osoko ikus-entzuleei, eta protagonista euskaldunak euskaraz elkarrizketatu zituen. Marion Herault frantsesez zuzendu zitzaien bertaratutakoei. 

Gainera, txalaparta, aurreskua, ETS, Süne, Kukai eta Neomak taldeek euskal musikari eta kulturari lekua egin zioten ekitaldian.

Aurkezleek Gino Mäder txirrindularia gogora ekarri zuten, duela bi aste Suitzako Itzulian izandako eroriko baten ondorioz hil zena, eta minutu bateko isilunea egin zuten haren oroimenez. Guggenheim Museoaren ondoko agertoki handira igo zen lehen taldea Bahrain Victorius izan zen, Mikel Landa txirrindulari arabarra buru zuela, eta Joane Somarriba txirrindulari ohia "ibilbideko kapitain" gisa lagun zutela.

Parte hartu zuten talde guztietako gainerako txirrindulariek ere "ibilbideko kapitain" baten laguntza izan zuten: Agurtzane Elorriaga, Miguel Mari Lasa, David Etxebarria, Abraham Olano, Marino Lejarreta, Iban Mayo, Roberto Laiseka, Julian Gorospe, Juan Manuel Garate, Fede Etxabe, Javier Murgialdai, Jose Nazabal, Igor Gonzalez Galdeano, Haimar Zubeldia, Amets Txurruka, Igor Anton, Iker Camaño, Unai Osa, Beñat Intxausti, Jon Unzaga eta Iñaki Gaston.

Miguel Indurainek ere parte hartu zuen aurkezpenean. Frantziako Tourra bost aldiz irabazi duen txirrindulari ohiak 2023ko edizioa irabazteko faboritotzat jo zuen Jumbo Visma taldeko Jonas Vingegaard, 2022ko Frantziako Tourreko irabazlea, "aukera gehien" horrek dituelakoan. Zeremoniak une gogoangarriak utzi zituen; Lawson Craddock estatubatuarrak euskal zaleei eskainitako irrintzia, adibidez.

UAE Team taldeko Tadej Pogacar esloveniarrak euskal zaleak animatu zituen agertokitik:''Aupa Bilbo! Aupa Athletic! Gora Euskadi!''.

Albisteak (3)