Itxi

Nafarroa

Dozenaka pertsonak "animalien sufrimendurik gabeko" San Fermin jaiak aldarrikatu dituzte Iruñean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Nafarroako Libertad Animal elkarteak deitutako protestan, Iruñeko lagunarteak zezen-plazatik ateratzen diren egunean, tauromakiak hirian ez duela tokirik izango azpimarratu dute.

"Animalien sufrimendurik gabeko" San Fermin jaiak aldarrikatzeko protesta, Iruñean. Argazkia: EFE

Dozenaka pertsonek Iruñeko Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte larunbat honetan, "animalien sufrimendurik gabeko" San Fermin jaiak aldarrikatzeko, Nafarroako Libertad Animal elkarteak deitutako protesta batean.

Inma Jimenez elkarte horretako bozeramaileak adierazi duenez, "Iruñeko lagunarteak zezen-plazatik ateratzen diren egunean, tauromakiak ez du tokirik izango hirian".

Bozeramaileak azaldu duenez, "lagunekin ondo pasatzeko asmoa du jendeak Iruñean, eta jende asko ez da ohartzen zezen-plazetako sufrimenduaz". Gauzak horrela, Iruñeko peñek erabaki hori hartuko balute, tauromakiak ez lukeela zentzurik izango gaineratu du Jimenezek.

Manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE

"Animaliak zezen-plazan hil behar izan gabe jendea dibertitu daitekeela aldarrikatzen dugu. Horrenbestez, lehenbailehen amaitu behar dira zezenketak eta entzierroak, animaliak gizakiaren gozamenerako erabili ohi direlako, gure menpekoak izan ez arren", adierazi du bozeramaileak.

Peñen jarrerari buruz, kide batzuk besteak kontzientziatzen saiatzen ari direla ziurtatu du Jimenezek, eta, iaz, peñetako bat ez zela egun batean zezenketara joan gaineratu du. Hori dela eta, "pausoz pauso" aurrera egiten ari direla adierazi du.