Le Grand Depart
"Euskadik ezin hobeto" erantzun dio Tourrean segurtasuna bermatzearen "erronkari", Erkorekaren ustez
E. G. | EITB Media
Segurtasun sailburuak Ertzaintzaren jarduna goraipatu du, baina aitortu du garai honetan "arruntak direnak baino hutsune gehiago" izan direla unitate batzuetan baja medikoekin lotuta. Iragarri duenez, Barne Arazoetarako Unitateak diligentzia informatiboak zabaldu ditu arrazoiak argitzeko.
Gorespen eta esker oneko hitzak izan dira nagusi Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren ahotan Frantziako Tourrak Euskadin egin dituen hiru egunetan martxan jarritako segurtasun planaren balorazioa egiteko orduan. Horren arabera, "Euskadik ezin hobeto egin dio aurre erronkari".
Dispositiboa bukatu eta biharamunean, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu da Erkoreka. Esan duenez, "Frantziako Tourrerako euskal erakundeek prestatu duten segurtasun dispositiboak erabateko arrakasta izan du". Sailburuak zorion mezua helarazi die planean egitekoren bat izan duten talde ezberdinei (tartean izan dira ertzainak, udaltzainak, baina baita Osakidetzako eta Larrialdietako langileak ere, besteak beste) eta denak ere "hutsik gabe" aritu direla azpimarratu du.
Ertzaintzari "aipamen berezia" egin nahi izan dio lehen lehendakariorde ere badenak. Azaldu duenez, egunero ia 2.000 agente ibili dira lasterketaren inguruak zaintzen, eta Ertzaintzak "berriz ere egiaztatu du polizia integral eta gaitu bat dela, aurrean duten segurtasun publikoaren arloko edozein erronkari aurre egiteko gai dela". Era berean, aurretik plana prestatzeko eta koordinatzeko egindako "lan zorrotza eta zehatza" goratu du.
"Hutsuneak" Ertzaintzaren baitan
Agerraldiaren amaieran, eta kazetarien galderei erantzunez, Erkorekak aitortu du garai honetan "arruntak direnak baino hutsune gehiago" izan direla unitate batzuetan baja medikoekin lotuta. Ez du ehunekorik edo daturik eman nahi izan, eta iragarri du Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Unitateak ikerketa zabaldu duela arrazoiak argitzeko.
"Ez da fenomeno orokortu bat izan, unitate jakin batzuetan izan da", zehaztu du. Horren esanetan, "hutsune bat-bateko horiek atentzioa ematen dute eta argitu behar dira. Agian da unitate batzuetan erraz gaixotzen den jendea dagoelako, eta batak bestea kutsatzen duelako", erantsi du ironiaz.
Dena dela, nabarmendu duenez, hiru egunetan "programatutako zerbitzu guzti-guztiak bermatuta eta beteta" egon dira, eta Ertzaintzak bere bitartekoekin bete ditu hutsuneok.
Bestalde, argitu du Ertzaintzak ikertzen jarraitzen duela hiru egunotan izandako sabotaje saiakerak. Batetik, 11 lagun —Erkorekaren hitzetan, "Jarki mugimenduarekin lotutakoak"— ikertzen ari dira mehatxuak, Bide Segurtasunaren kontrako delitua eta desordena publikoak egotzita. Antza, Morgako gainean (BI-2713 errepidea) txirrindulariei pasaeran bidea ixteko asmoa zuten, kateak eta "Euskal Herria askatu" leloa zuen pankarta bat erabilita.
Halaber, 2. eta 3. etapan errepidean zabaldutako txintxetak tarteko, hainbat txirrindulariren gurpilak zulatu zitzaizkiela eta, Erkorekak azpimarratu du ikertzen ari direla baina ez dakitela nork egin zuen.
Euskal gizartearen erantzuna
Herritarrak ere laudatu ditu Erkorekak. Alde batetik, segurtasun operatiboa osatzen ibili diren 1600 boluntarioak aipatu ditu, "Tour Lagunak", hain justu. Nabarmendu duenez, EAEko errepideetan zaindu beharreko 2.190 puntuetatik (biribilguneak, bihurguneak, sarbideak…) "bakar bat ere ez" ez da zaindu gabe geratu. Halaber, euskal gizarteari, orokorrean, eskerrak eman dizkie sailburuak, zirkulazio etenak gorabehera, egoera "ulertu eta portaera eredugarria izan" dutelako.
Azkenik, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere Frantziako Tourraren hainbat datu eman ditu. Aurreratu duenez, lehen bi etapetan 600.000 pertsona egon ziren Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako kaleetan lasterketa bertatik bertara jarraitzen.