Koronabirusa
Musukoa ez da derrigorrezkoa izango osasun zentroetan, adinekoen egoitzetan eta farmazietan
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuak, gainera, covid-19ak eragindako osasun krisiaren amaiera onartu du. Derrigortasunaren amaiera aldizkari ofizialean argitaratzen denean sartuko da indarrean.
Ministroen Kontseiluak onartu du maskarak derrigorrezkoak ez izatea osasun zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta farmazietan. Gainera, Gobernuak covid-19aren osasun krisiaren amaiera onartu du.
Akordioa Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean sartuko da indarrean. Hala ere, "osasun zentroen kalteberatasun berezia" aipatzen du testuak, eta "maskararen erabilera indartzeko beharra" azpimarratzen du hurrengo testuinguruetan: zainketa intentsiboetako unitateetan eta paziente kalteberak dituzten unitateetan lan egiten duten pertsonen kasua; ospitaleetako edo lehen mailako arretako larrialdiak, itxarongela barne, eta adinekoen, desgaitasuna duten pertsonen eta sintomatikoen egoitzen espazio partekatuak eta horiek artatzen dituzten profesionalak.
Gainera, adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen egoitzei dagokienez, akordioak honako hau eskatzen du: "neurri gehigarriak hartzea langileengan, egoiliarrengan edo bisitariengan sintomak agertzen badira, agerraldiak saihesteko eta adinekoen ongizatea, fisikoa zein emozionala, zaintzeko".
Akordioak Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren txostena aintzat hartzen du; izan ere, Alerten Ponentziarekin adostuta, covid-19a "kontrolatuta" dagoela esan du, eta, gaixotasun horrek osasun publikoarentzat garrantzitsua izaten jarraitzen duen arren, "jada ez da osasun krisi egoera bat Espainian".