Udal legea
Kontseiluak eta UEMAk euskararen kontrako "eraso larritzat" jo dute Konstituzionalaren erabakia
EITB Media
Euskalgintzaren Kontseiluak "aspalditik ikusten ari garen oldarraldi judizial eta politiko bateko beste urrats bat" dela adierazi du. Ildo beretik mintzatu da UEMA ere, eta udalerri euskaldunetan duten lan egiteko moduaren kontrako "erasoa eta oztopo handia" ikusten du erabakiaren atzean.
Euskalgintzaren Kontseiluak "bereziki larritzat" jo du Auzitegi Konstituzionalak udaletan euskara bakarrik erabiltzea ahalbidetzen duen EAEko udal legea baliogabetu izana, euskal erakundeen "erabakimenaren kontra" doala uste duelako. "Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren kontra aspalditik ikusten ari garen oldarraldi judiziala gero eta urrats handiagoak" egiten ari dela salatu du Idurre Eskisabel aipatu erakundeko idazkari nagusiak.
Alde batetik, neurri honek "zuzenean eragiten dio euskararen normalizazioari", Eskisabelen iritzian. Udal legearen dekretu horrek euskara normalizazio bidean jartzeko "helburu esplizitua ere badauka, hizkuntza gutxiagotua denez, trakzio indar bat egiteko helburua". Bestetik, erantsi du ez dela ahaztu behar erabaki hau "Voxek, gure udaletan ia ordezkaririk ez duen alderdi batek, jarritako helegite batetik" datorrela.
Horrez gainera, ebazpenak "langile askoren eskubide bat, euskaraz lan egiteko eskubidea, urratzen" duela gogorarazi du, eta oldarraldi honek beste efektu bat ere baduela salatu du: "nahi gabe ere, euskararen aldeko hizkuntza politikoak gero eta kontserbadoreagoak" direla adierazi du; alegia, "hartzen diren neurriak bata bestearen atzetik erortzen ari direla ikusita", politika kontserbadoreagoak egiteko "joera nagusitzen" ari dela iritzi dio.
Halaber, Konstituzionalaren erabakiak "ekitatean oinarritako elkarbizitzaren kontra" ere egiten duela gaineratu du.
"Oldarraldi judizial eta politiko" honen aurka hainbat ekintza egingo dituztela iragarri du Eskisabelek. Azaroaren 4rako dagoeneko deituta duten manifestazioaz gain, beste hainbat eragilerekin batera, aurretik ekintza gehiago antolatzen ari direla aurreratu du.
Era berean, Iraitz Lazkano Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) jarduneko presidenteak Euskadi Irratian salatu duenez, "euskararen aurkako eraso larria da. Udalerri euskaldunetan dugun lan egiteko moduaren kontrako eraso larria eta oztopo handia".
Biharko agerraldia iragarri du UEMAk Usurbilen. Udalerri euskaldunetako ordezkaritza zabala bilduko da 11:00etan, herriko plaza nagusian, eta gaur kaleratu den ebazpenari buruzko gogoeta zabalagoa egingo dute.