Itxi

Migrazioa

Elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean Avenida zubiaren itxieraren aurka, Irun eta Hendaia artean

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Bi udalerrietako alkateek eskatzen dute "herritarrentzat iraingarria eta lotsagarria" den erabakia atzera botatzea, "anomalia" bat delako Frantziako eta Espainiako estatuak bereizten dituen muga osoan.

Irun eta Hendaia arteko Avenida zubia. Argazkia: EITB

Gaur arratsaldean, 18:00etan, elkarretaratzea egingo dute Irun eta Hendaia lotzen dituen Avenida zubian, Frantziako Tourra igaro ostean oinezko pasabidea berriro itxi zutela salatzeko.

Jose Antonio Santano eta Kotte Ecenarro Irungo eta Hendaiako alkateek deitutako protesta ekitaldian izango da, era berean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat ere.

Santanorentzat eta Ezenarrentzat "onartezina" da bi udalerriak lotzen dituen Avenida zubia Tourra pasatzeko soilik irekitzea 24 orduz, eta berriro ixtea segidan. 

Bi urtetik gora itxita egon ostean, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak irekitzeko agindua eman zuen astelehenean Frantziako Tourra pasa zedin, baina astearte goizean berriro jarri zuten hesia Hendaiako aldean.

Alkateek ez dute ulertzen Frantziako Gobernuak mugako pasabidearekin hartu duen jarrera. "Bidasoa gaineko muga honetan gertatzen ari dena anomalia bat da XXI. mendeko Europan, eta ez dugu pertsonen joan-etorriak galarazteko arrazoirik ikusten, 500 kilometroko mugan halako beste kasurik ez dagoenean", azpimarratu dute.

Santanok berretsi du "oztopo ulertezina" dela "bi herrien arteko harremanean", eta Irunek eta Hendaiak berriro irekitzeko eskatzen jarraituko dutela. Era berean, aipatu behar da zubiaren itxieraren ondorioz legez kanpoko migratzaile askok muga ibaitik igarotzea erabakitzen dutela, eta zenbait hil egin direla ahaleginean.

"Eusko Jaurlaritza elkarretaratzean egongo da, zalantzarik gabe, Frantziako Gobernuari Avenida zubiaren irekiera eskatzeko. Joan-etorri seguruetarako giza pasabideak ahalbidetuz soilik bermatuko dugu giza eskubideen defentsa, adierazi du zentzu horretan Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzaren Migrazio eta Asiolo zuzendariak, elkarretaratzean bertaratuko denak.

Bi alkateek ez dute baztertzen aldarrikapen "sozial eta politiko" gehiago egitea "Irungo eta Hendaiako herritarrak iraintzen dituen erabaki lotsagarria iraultzen saiatzeko".

 

 

Albisteak (1)